Urretxuko Udalak teknologia erabili behar du menpekotasuna dutenei eta beraien zaintzaileei laguntzeko
Proiektu pilotua aitzindaria da Gipuzkoa mailan
Urretxuko Udalak Urretxun Zaindu egitasmoa jarri du abian. Helburua zaintza sistema hobetzea da, pertsonak erdigunean jarriz, ahultasun eta menpekotasun handiena duten bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko. Horretarako parte hartzea sustatuko da. Sistema berria aitzindaria da Gipuzkoan.
Hasteko, IMQ-Igurco eta Ideable enpresekin lankidetzan, menpekotasuna duten hainbat bizilagunen etxeetan sistema digital bat instalatu behar dute. Sistema honek zainduari eta zaintzaileari laguntza eskainiko die. Tablet-en eta eskumuturrekoen bidez, zerbitzu soziosanitarioak jasoko dituzte. “Gehienek beraien etxean bizitzen jarraitu nahi dute eta teknologiak horretan lagunduko die”, azaldu dute udal arduradunek.
Proiektu pilotu honetan 15 erabiltzailek, beraien zaintzaileek, udaleko Gizarte Ekintza saileko teknikariek, eguneko zentroko langileek eta etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek parte hartuko dute; Igurco enpresako adituen laguntzarekin.
Hasteko, sistemaren erabiltzaileen balorazioa egingo dute. Balorazio horren arabera, bakoitzari bere beharren araberako plana diseinatuko diote. Teknikariek planen jarraipena egingo dute. Teknologiaren bidez, egunero erabiltzailearekin eta bere zaintzailearekin harremanetan jarriko dira. Egunero, zer egin behar duten azalduko diete. Tableta erabiltzeko ez da Wi-Fi-rik behar. Ezta informatika ezagutzarik ere.
Tablet-aren bidez, egin beharreko ariketa eta zereginen berri emateaz gain, teknikariek erabiltzailearen eta zaintzailearen inguruko datuak jasoko dituzte. Hala, beraien egoeraren berri izango dute. Zerbitzua euskaraz eta gazteleraz eskainiko da.