Patata ereiteko garaia iritsi da
Azken egunetako elurrek hoztutako giroarekin egin da martxoko lehen feria, berriz ere berritasun gutxirekin. Landare saltzaileen eskaintza zabaltzen hasi da, eta Idiazabal gazta berria aurkeztu dute.
Udaberri koloreekin baina neguko hotzarekin egin da goizean Ordizian martxoko lehen feria, eta azken egunetako elurren eraginez, hainbat hutsunerekin gainera. Izan ere, saltzaile batzuk elurpetik generorik ezin atera, eta ez dira Plaza Nagusira agertu, eta beste batzuk barazkirik gabe osatu dute eskaintza.
Plazako eskaintza orokorrean, aldiz, berritasunak falta ziren, garai hauek ez direlako baratzetik produktu berriak iristeko aproposenak. Baratzera edo sorora produktuak eramateko garaia aldiz, bai, bada. Horretarako, gaur ereiteko patatak, tomate landareak eta zainzuri zuztarrak eros zitezkeen.
Ereiteko patata
Patata ereiten hasita daudenez batzuk, horientzako aukera zabala jarri du salgai urtero bezala Javier Lacalle aguraindarrak. Aurten Desire, Baraca, Espunta, Agria, Jaerla eta Monalisa barietateak ditu, eta kiloa euro bat eta 1,20 euro artean du.
Bernedotik ekartzen ditu Lacallek, hemengo jendeak Arabako patata duelako gustuko. Agria omen da gehien saltzen duena, eta horixe da bere gomendioz ere sukalderako aproposena, egosteko zein frijitzeko ona delako. Gainera, behin ateratakoan gehien irauten duena ere bada.
Tomatea eta zainzuriak
Eguraldiak okerrera egiten ez badu, baserritar gehienak laster hasiko dira patata ereiten, baita beste produktu batzuk ere, eta horien artean dago tomatea. Ferian salgai dago dagoeneko landarea. Ibarrako Esther Ilarramendik du Jack barietatekoa, txertatutakoa. Agian goizegi da tomatea aire librean aldatzeko, baina negutegian sartu daiteke dagoeneko.
Illarramendik zainzuri zuztarrak ere bazituen salgai, produktu hori ez delako Nafarroako esklusibitatea, alderantziz, berak inguru hauetan beti ezagutu izan duela esan zuen. Zainzuri zurien zuztarrak ziren.
Idiazabal gazta
Gaurko feriako beste berritasun bat Idiazabal jatorri izendapeneko gazta izan da. Ardi esnearekin egindako gazta aurreko asteetan aurkeztu zuten Ordizian, baina orain Idiazabal deiturakoa ere iritsi da, besteak beste, Itziar Etxeberriaren eta Mikel Lasaren postuetara. Lazkaoko Ixidro eta Lezaungo (Nafarroa) Aldaia zuten aukeran, kiloa 21 eta 22 euro artean.
Hego Amerikako produktuak
Hemen negua agurtzen doan bezala, Hego Amerikan uda da agurtzen ari dena, eta garai horretako propioak diren hango produktuak hemen erosteko aukera dago, baita Ordiziako ferian ere. Hain zuzen, Zuhaiztian fruta saltzaileen jartzen dituzten postuen artean, Tolosako Iriartetarren postuan geraziak, aranak eta paraguaioak zituzten atzo salgai: gerezia 8,95 euroan kiloa, aran gorria eta horia 3,5 euroan eta paraguaioa 3,5 euroan,