Scarra Mucci abeslari jamaikarra izango da Legoreggae-n kartelburu
Martxoaren 25ean izango da Legorreggae reggae musika jaialdiaren 8. edizioa. Sarrerak salgai daude dagoeneko, online. Scarra Mucciz gain, Aiaraldeko Sound System, Steady Rockets, Marina P, Kulto Kultibo eta King Konsul-ek osatzen dute kartela.
Legoreggae Legorretako reggae jaialdia badator. Hilabete baino gutxiago falta da musikazaleek Legorretako herri kiroldegian reggae musika doinuez gozatu ahal izateko. Martxoko azken larunbatean izango da jaialdia, hilaren 25ean. Antolakuntzak talde edo abeslariak jakinarazi ditu dagoeneko. Scarra Mucci abeslari jamaikarra izango da kartelburua. 2015etik ospatzen da jaialdia, eta 2020koa bertan behera geratu zenez, aurtengoa 8. Legoreggae izango da.
Euskal Herriko lau artistak eta nazioarteko bik osatuko dute kartela. Sarrerak dagoeneko jarri dituzte salgai, online, eta datozen asteetan hainbat tabernatan egongo dira eskuragarri. 22:00etan hasiko dira kiroldegiko kontzertuak.
Jamaikatik Legorretara
Jamaikan jaioa, Alemanian bizi izan da aspalditik. Soul, gospel, reggae, dancehall, rap eta R&B generoen artean mugitzen da Scarra Mucci. Bakarka, zazpi album kaleratu ditu bere ibilbidea hasi zuenetik. Rise&Shine argitaratu zuen 2007an, 912 eta Skarraschizzo 2010ean, Return of the Raggamuffin 2012an, Greater than Great 2014an, Dancehall President 2016an eta The One Love Family 2018an. 2019an Golden Nuggets kaleratu zuen L’Entourloop taldearekin. Artista askorekin kolaboratu du, tartean Fermin Muguruzarekin. Atlantiko beltza kanta argitaratu zuten 2016an elkarrekin, errefuxiatuen eskubideen alde.
Hasi eta bukatzeko
Scarra Mucciz gain, Aiaraldeko Sound System, Kulto Kultibo, Marina P, Steady Rockets eta King Konsul-ek osatzen dute aurtengo kartela. 22:00etan kiroldegian jaialdia hasiko den arren, Aiaraldeko Sound System-ekoek jaialdiari hasiera emango diote aurretik kalejiran, 18:00etan, Roots, Dub zein Step erritmoekin, eta festa amaieran ere izango dira. Steady Rockets bizkaitarrek reggae, ska eta rocksteady doinuak eramango dituzte eszenatokira, eta Irungo Kulto Kultibo taldeak rap eta reggae-a. Jada 2017ko Legoreggaen izan zen Kulto Kultibo. Aurten Level azken diska kaleratu dute eta hori aurkeztuko dute jaialdian. Euskal Herriko laugarren artista King Konsul izango da. Besteak beste, Revolutionary Brothers taldean parte hartu du. Reggae/dub eszenan presentzia handia duen Marina P italiarra da nazioarteko beste artista. Soul trip hop, dub eta rodadub estiloak ukitu ditu eta hainbat ekoizle eta musikarirekin egin du lan.
Sarrerak, online, gaurtik
Dagoneko erosi daitezke sarrerak www.eventbrite.com webgunean. Aurrez aurre erosteko aukera ere jarriko dute datozen asteetan, 15 euroan. Legorretako tabernetan, Ordiziako Kirkil tabernan, Beasaingo Koiote zaharrean eta Tolosako The Nest tabernan egongo dira salgai.