Tokiko komunikabideen arteko elkarlana hizketagai
'Tokiko komunikabideak ikuspuntu kooperatibotik' jardunaldia egin dute Lazkaoko Maizpide euskaltegiko aretoan, Biziolak antolatuta. Gaur, 22:00etan, Goierri Telebistan emango dute solasaldia.
Biziola sareak sustatuta, Tokiko komunikabideak ikuspuntu kooperatibotik jardunaldia egin dute Lazkaoko Maizpide euskaltegiko areto nagusian. Batetik, kooperatiba izaerako Euskal Herriko hiru komunikabidek (Aiaraldea, Goiena eta UKT Urola Komunikazio Taldea) haien esperientzia azaldu dute, eta ondoren, Goierrin euskaraz lan egiten duten hiru hedabideek (Goierri Irrati Telebista, Segura Irratia eta GOIERRIKO HITZA) haien egoeraren berri eman dute, sor litezkeen elkarlan aukeren aurrean duten jarrera azalduz. Saioa atzo arratsaldean izan zen, eta bi ordu iraun zuen. Ane Intsausti lazkaotar kazetaria izan zen moderatzailea.
Bi hamarkadako ibilbidea duen Goienaren zuzendari Iban Arantzabal, 2019an kooperatiba sortzeko urratsa egin duen Gorka Zabaleta UKTren zuzendaria eta pauso bera urtebete ondoren eman duen Aiaraldeko Izar Mendiguren –online egin du– izan dira hitza hartzen lehenak.
Hiru testigantza, hiru errealitate
Azken hori da ibilbide laburrena duena. 2009an sortu zen komunikabide bat da Aiaraldea, Arabako eskualde hartan euskarak komunikazio proiektu bat behar zuela iritzita. Ibilian-ibilian hazi egin den komunikabide bat izan da, eta haien proiektuak ez du komunikazioa soilik jorratzen. “Komunikazioaren eremutik bizitzako beste esparru batzuetara egin dugu salto”. Komunikazio arloko eta ez arloko langileak kontutan hartuta, 14 dira Aiaraldea Ekintzen Faktorian lan egiten duten kideak.
Urola Komunikazio Taldeko Gorka Zabaletak kooperatiba sortzeko prozesuaz aritu da batez ere. 2019ko ekainean sortu zuten, lau aldizkari (Karkara, Baleike, Uztarria eta Maxixatzen), egunkari bat (Urolako Kostako Hitza) eta telebista bat (Zarautz-Azpeitiko Erlo) batuta. “Denok lantalde berean gaude orain, 33 gara guztira. Denbora honetan lanpostu berriak sortu eta lan baldintza hobetu ditugu”. Gaur egun testuinguruak “aldaketa” eskatzen duela uste du Zabaletak: “Egitura txikiekin ez zara iristen. Egitura sendoago eta antolatuagoak sektoreari egiten dio mesede”. Halako bateratze prozesu baterako “konfiantza, eskuzabaltasuna eta ausardia” behar direla nabarmendu du.
Goiena da kopuruz hiru horien artean handiena: gaur-gaurkoz 53 langilek osatzen dute kooperatiba. Arantzabalen esanetan, gaur egun “ezinbestekoa da merkatu logikarekin pentsatzea”, eta tokiko komunikabideen helburua “lider” izatea behar duela izan iritzita, “batuta” lan egiteak duen garrantzia aipatu du. “Eraginkortasuna gutako denon baturan dago”.
Hiru komunikabide horiek Tokikom elkarteko bazkide dira.
Elkarlanareko aukerak Goierrin
Goierri Irrati Telebistako, Segura Irratiko eta GOIERRIKO HITZAko ordezkariek haien komunikabideek sorrera, egoera eta erronkak aipatuz hasi dute solasaldia.
GITBn 8-9 langile dira egun, eta aurki estreinatuko duten webgunea da duten berritasun aipagarriena. “Hedabide tradizionalek ez dute etorkizun erraza, eta erronka da nora joan”, esan du Jon Aldanondok. Lau lagunek osatzen dute Segura Irratiko lantaldea, eta denek denetik egiten dute. Apirilean 67 urte beteko ditu Etxeberriak “oso gertukotzat” izendatutako irratiak. HITZAk, berriz, 14 laguneko lantaldea du, eta “digitalizazio prozesu bete-betean” dago hedabidea, Kerman Garralda zuzendariak azaldu duenez. “Gure lan fluxua multimedia da, eta gero eta irakurle gehiago ditugu Interneten. Erronka da dirutara nola ekarri Interneteko lan hori”.
Goierriko hiru komunikabideek jardun izan dute elkarlanean, eta oraindik orain ere aritzen dira, baina ez modu jarraitu batean. Moderatzailearen galderari erantzunez, hirurek onartu dute erredakzioetan atera izan direla balizko bateratze edo elkarlan jarraituago bati buruzko aipamenak, “baina ez diogu heldu”. Aldanondok nabarmendu du “leiho bat irekita” dagoela, eta “sinergiak aprobetxatzeari” eman dio garrantzia. Etxeberriak, honakoa: “Elkartu, eta poliki-poliki aurrera egin”. Garraldak, berriz, “baliabideak optimizatzeko” aukera modura ikusten du balizko bateratze bat, eta bide horretan HITZA ez dela oztopo izango adierazi du.
Gaur gauean, 22:00etan, Goierri Telebistan ikusi ahal izango da Goierriko hiru ordezkarien esanekin osatutako saioa.