Amiantoaren «sarraskia» eteteko neurriak eskatuko ditu Asviamiek
Beasaingo Udalbatzak osoko bilkura du gaur 19:00etan eta amiantoaren biktimek mozioa aurkeztuko dute bertan. Herritarrei bertaratzeko eskaera ere egin diete.

Beasainen amiantoaren mapa osatzea, udal eraikin guztietatik amiantoa kentzea eta udaleko gizarte zerbitzuek amiantoaren biktimei eta haien senideei aholkularitza eta laguntza ematea eskatuko dute amiantoaren biktimek Beasaingo udaletxean, gaur 19:00etan hasiko den osoko bilkuran. Asviamie elkarteak (Amiantoaren biktimen euskal elkartea) mozioa sartu du, udal ordezkarien konpromisoa jasotzeko helburuarekin.
Asviamie elkarteak jasota dituen datuen arabera, amiantoak Beasainen sortutako heriotza kopurua «beldurgarria» da. Jon Garcia elkarteko ordezkariak azaldu duenez eta orain gutxi kazetari talde batek egin duen ikerketaren arabera, «Beasain da Espainiar Estatuan mailan amiantoak hildako gehien dituen bigarren udalerria». Cerdanyola del Valles (Herrialde Katalanak) dago zerrendaren buruan. Uralita enpresa zegoen bertan.
Amiantoa prozesu industrialetan oso erabilia izan zen XX. mendean, eta urte askoan, inongo segurtasun neurririk gabe manipulatu zen, osasunarentzat kaltegarria zela jakinda ere. Izan ere, joan den mendeko 30. hamarkadan jakin zen amiantoaren arriskuaz. 1984an, Espainiako Gobernuak uko egin zien debekatzeko eskaerei, eta 2002. urteko ekainaren 14ra arte ez zen debekatu material hori industrian erabiltzea. Beasaingo CAF lantegian adibidez, 1985 urtera arte erabili zen amiantoa. Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi du mundu osoko 125 milioi pertsona inguru daudela amiantoaren eraginpean lanean, gaur egun.
CAFeko 61 langile hil amiantoagatik
Horren ondorioz, biriketako gaitzak -asbestosia eta mesotelioma- garatu dituzte material horrekin harremanetan izan diren pertsona askok. Beasainen 100.000 biztanleko 19 dira hildakoak. CAF enpresako langile izandako 61 pertsona hil dira amiantoagatik. Azkena, duela hamabost egun eskas.
Hau baina, icebergaren punta baino ez da. Izan ere, amiantoaren «sarraskia» eteten ez bada, etorkizun hurbilean biktima kopuruak gora eta gora jarraituko duela iragarri du Asviemiek. Momentura arte erregistratuta dauden heriotzak, amiantoarekin harreman zuzenean lan egin dutenak dira gehien bat. Aipatu ere amiantoaz kutsatutako laneko arropak garbitzeagatik gaixotuta hildakoak, emakumeak batik bat. Asviamiek azpimarra egin du, «datuak beldurgarriak izanik, erregistratu gabeko heriotzak ere badirela kontutan izango bagenu, are beldurgarriagoa lirateke».
«Kezka larria» agertu du amiantoaren biktimen elkarteak, zeren gainera «urteetan erabili izan den amiantoak hortxe jarraitzen du, denborarekin, narriaduraren ondorioz ingurumenera hautsa askatuko du, eta hauts horrekin kutsatuta ingurumen biktimak izango dira».
«Sarraskia» eten nahi du Asviamiek. Horregatik, eskatuko dute 7/2022 Legea betetzea. Arau honek ezartzen du udalek urtebeteko epean osatu behar dutela amiantoa duten azpiegitura publikoen errolda. Halaber, lege horrek udalak behartzen ditu amiantoa udal eraikinetatik kentzera 2028 urtea baino lehen.
Testigantzak
Gaurko osoko bilkurara inguratzeko deia egin dute Asviamie elkartetik. Bertan izango dira amiantoaren biktimen hainbat senitarteko. Haien historia gizarteratu nahi du GOIERRIKO HITZAk, Beasaingo lau familien testigantzak jasota, amiantoaren drama ezagutzera eman eta osoko bilkuran egingo dituzten eskakizunak hobe ulertzeko.
Maria Victoria Virumbrales Angulok, Bergarako Confecciones Vascas enpresan, lan egin zuen gaztetan, eta 2021. urteko uztailean hil zen, 82 urterekin, amiantoaren erruz, mesoteliomarekin. «Amiantoaren inguruan prentsan argitaratzen hasi ziren kaltegarria zela eta amak askotan aipatzen zuen berak material horrekin lan egin zuela», kontatu du haren alaba Ana Herrera Virumbralesek. Amak kontatzen zien jantziak lisatzen lan egin zuela, eta lisatzeko oholak amiantoa zuela.
Drama bikoitza izan zen Virumbrales sendian. Izan ere, 22 urte lehenago, biriketako minbiziarekin hil zen aita. «Aitak kontatzen zigun lan egin zuen enpresetan amiantoarekin erabiltzen zutela», adierazi du alabak. «Baina beste garai batzuk ziren, diagnostiko zehatzik ez izateak, ez digu laguntza bermatzen».
Ana Herrera Virumbrales
«Beste garai batzuk ziren, diagnostiko zehatzik ez izateak, ez digu laguntza bermatzen»
Jose Garcia Ortega Pepe Beaaingo CAF enpresako langilea izan zen, ia bizitza osoan. «Berak kontatzen zigun nola lan egiten zuten amianto tirekin, hark askatzen zuen hautsaz, eta inolako segurtasun neurririk ez zela hartzen hura manipulatzean. Ez zuten ideiarik ere!», adierazi du Ana Garcia Gimenok, aita gogora ekarriz. 78 urterekin hil zen, 2012 urtean. «Pertsona osasuntsua, indartsua, aktiboa, alaia, … zen, amiantoagatik ez balitz, urte mordoska bat gehiago bizi izango zen». Historia tristea izanik ere, «zorteko» dela dio; «Segituan esan ziguten zein zen kausa, eta hortik aurrera, dena oso azkar joan zen. Berehala jarri ginen harremanetan elkartearekin. Epaiketan, CAF-ek ez zuen aldeko argudiorik, guztia laster argitu zen».
Ana Garcia Gimeno
«Segituan esan ziguten zein zen kausa, eta hortik aurrera, dena oso azkar joan zen. Epaiketan, CAF-ek ez zuen aldeko argudiorik, guztia laster argitu zen».
Historia luzea eta sufrimendu handikoa izan zen Felipe Sarriegi Olaranena, hau ere CAF-eko langilea, garbiketa lanetan aritutakoa, 14 urte zituenetik. «Aita gaizki sentitzen hasi zen 2006an. Oso pertsona bizia zen eta eskulanak egitea maite zuen. Egun batean saihetseko mina zuela eta medikuarengana joan zen. Kontraktura bat zela esan zioten lehenik, ondoezik jarraitzen zuenez, medikura joan zen berriro eta herpesa izan zitekeela esan zioten, azkenean larrialdietara jo genuen eta han aurreratu ziguten zerbait larria zela, biopsiarekin dena argitu zen. Mesotelioma diagnostikatu ziotenean».
Mamen Sarriegi Rodriguez
«Azkenean larrialdietara jo genuen eta han aurreratu ziguten zerbait larria zela, biopsiarekin dena argitu zen. Mesotelioma diagnostikatu zioten»
Ignacio Silanes Eskisabel ere saihetseko minarekin hasi zen. «Medikuak ez zuen asmatzen zer izan zitekeen, minarekin egon zen denbora luzez, baina azkenean, biopsia egin eta mesotelioma zuela esan ziguten», kontatu du Silanesen alargun Maria Angeles Cristobal Romerok. «Kimioarekin egon zen urtebetez eta 2018ko ekainean hil zen». Amiantoaren biktima zela onartzeko tramitazioa Asviamie elkartearen bidez egin zuen. Azken horri dagokionez, kexa bat plazaratu dute: «Amiantoagatik gaixo dagoen pertsona bat osasun zentro artatzean, alarma guztiak piztu beharko lirateke tramitazioa berehala has dadin Osalanen bidez. Kasu askotan Asviamiera bideratzen gaituzte, eta beste askotan hori ere ez. Medikuen betebeharra da, abisua ematea».
Maria Angeles Cristobal Romero
«Amiantoagatik gaixo dagoen pertsona bat osasun zentro artatzean, alarma guztiak piztu beharko lirateke tramitazioa berehala has dadin Osalanen bidez»
Funtsa
Jon Gartziak azpimarra egin du, «funtserako eskubidea duten pertsonak dira, luze doa, araudia egiten ari dira eta atzeratzen ari dira. Konpromisoa urtarrilaren 10erako zen, baina oraindik ez dakigu deus».
Jasotako testigantzen protagonistek diote, «zortea izan dugu enpresak irekita jarraitzen duelako, zeren kaltetuek lan egin zuten enpresak itxita daudenen kasuan, konpentsazio-funtsaren zain egotea besterik ez zaie geratzen. Horregatik da hain garrantzitsua funtsa ezartzea».