Digitalizazioa eta 4.0 industria mintzagai izango dituzte 'Made in Goierri' zikloan
Xabier Perez Dorronsoro Goierri Valleyko negozio arduraduna, Ander Sarasola Elkar ingeniaritzako proiektu arduraduna eta Asier Moreno Juan Lasa galdarategiko zuzendari orokorra izango dira hizlariak. Beasaingo Igartza jauregian izango da hitzaldia.
Made in Goierri, enpresa eta ekonomiari eskainitako zikloaren barruan, Digitalizazioa eta 4.0 industria hitzaldia izango da ostiralean, Beasaingo Igartza jauregian, 19:00etatik aurrera. Hitzordu honetan, Lemniskata zientzia sare herrikoiak antolatzen duen ekimen honetan, hiru goierritar izango dira.
Lehenik, Xabier Perez Dorronsoro, Goierri Valleyko negozio arduradunak, enpresa txiki zein ertainetan eraldaketa digitala eta industria 4.0aren erabilera eta aplikaziorako, Goierri bailaran sortu duten HUB 4.0 laborategiaren aurkezpena egingo du.
Ondoren, Ander Sarasola Elkar ingeniaritzako proiektu arduradunak, diseinu eta prozesuetan aplikatzen duten berrikuntzaz hizt egingo du.
Eta azkenik, Asier Moreno, Juan Lasa galdarategiko zuzendari orokorrak, enpresan eraldaketa digitala burutzeko gakoak diren puntuez hitz egingo du.
Beste lau hitzaldi
Horrez gain, beste lau hitzaldi izango dira ziklo honen barruan. Ondorengoak dira hurrengo datak eta hitzaldiak: Martxoaren 10ean, Gizakiaren metabolismoa deszifratzen; martxoaren 17an, Talentua eta pertsonak enpresetan; martxoaren 24an, Euskaber, landa garapena sustatuz; eta martxoaren 31an, Mondragon, berrikuntzaren kulturatik jasangarritasunera.
Azkenik, gogoratu, ostirala dela matematika argazki erakusketa bisitatzeko azken eguna Lazkaon, Kultur Etxean.