I. Majori-Altamira kirol-argazki lehiaketaren irabazlea Jose Miguel Romero izan da
'Sheskates' izeneko argazkiarekin lortu du sari nagusia. Emezetaklik-en, Nekane de Juan Irastorzaren, Miguel Caveroren, Jon Biguriren, Juan Carlos Martinen, Iñaki Hidalgoren eta Javier Quirosen argazkiak ere hautatu dituzte.
Majori-Altamira kirol argazkiz beteko da. Ordiziako Udalak antolatutako I. Majori-Altamira kirol-argazki lehiaketan hautatutako 11 argazkiak kiroldegiko eta estadioko instalazioetan jarriko dituzte, hori izan baita lehiaketa martxan jartzearen helburu nagusietako bat. Ordiziako kirol ekintzen argazkiak bakarrik onartu dituzte. Gaur aurkeztu dituzte sarituak. Jose Miguel Romeroren ‘Sheskates’ izeneko argazkia hautatu dute irabazle gisa, eta Romeroren beste bat ere hautatu dute erakusgai jartzeko.
Argazki horrez gain, beste zortzi argazkilariren argazkiak aukeratu dituzte: Emezetaklik-en bat, Nekane de Juan Irastorzaren bat, Miguel Caveroren bi, Jon Biguriren bat, Juan Carlos Martinen bat, Iñaki Hidalgoren bi eta Javier Quirosen beste bat. Hautatu bakoitzak 50 euroko saria jaso du, eta irabazleak 100 euro. 40 bat argazki aurkeztu dituzte herritarrek lehiaketara. Udalak nabarmendu du, “diziplina ezberdinetakoak” izan direla: “Horren erakusle da Ordiziako kirol ekintzetan dagoen aberastasuna”.