Lanak tren geltokian, irisgarritasuna hobetzeko
Geltoki azpian pasabide bat egingo dute, bi aldetako nasak lotzeaz gain, San Bartolome auzoa eta bertan dauden merkataritza-gunea eta aparkalekua herrigunearekin lotzeko.
Ordiziako tren geltokiko lanak hasi ditu Adifek. Iazko maiatzean jakinarazi zuen 3.302,610 euroko lanak egingo zirela tren geltokian, irisgarritasuna eta zirkulazioa hobetzeko. ABEE Aldi Baterako Enpresa Elkartea osatzen duten Altuna y Uria eta Tecsa Empresa Constructora enpresei esleitu zitzaien kontratua. 15 hilabeteko epea dute lanek. Geltokiaren azpian pasabide bat egingo dute, bi aldetako nasak lotzeaz gain, San Bartolome auzoa eta bertan dauden merkataritza-gunea eta aparkalekua herrigunearekin lotzeko.
Tren geltokiko atari berri bat eraikiko dute. Kalearen eta trenbidearen arteko desnibela baliatuz, azpiko pasabidera San Bartolometik sartzeko aukera izango da. Eraikin berritik eskailerak eta igogailua jarriko dira nasetara joateko. Lanak markesina berri batzuekin osatuko dituzte, beirazko alde batekin, eguraldi txarra egiten duenean babesteko.