Udaletxeko arkupeetan margotzen
Kimetz Emakumeen Elkarteak antolatuta, 10 bat emakume margolari kalera atera dira margotzera. Martxoaren 8aren bueltan, urtero egiten duten ekimena da.
Ordiziako hainbat emakume udaletxeko arkupeetan margotzen dabiltza. Kimetz Emakumeen Elkarteak antolatuta, Barrenan Patxi Moralesen eskolak jasotzen dituzten 10 bat emakume kalera atera dira gaur, esku artean dituzten margolanak kalean margotzera. Urtero martxoaren 8aren bueltan antolatu ohi dute ‘Emakume margolariak: kalean margotzen’ ekimena, eta aurten ere heldu diote horri. 12:00ak ingurura arte izango dira bertan. Artearen bidez espazio publikoa hartu eta eskoletan egiten duten lana herritarrei erakusteko aukera da. Ekimenaren barruan, martxoaren 20tik 26ra, egindako lanak erakusgai jarriko dituzte Barrena Kultur Etxean egingo duten margolan erakusketan.
Chari Campano Kimetzeko kide eta margolariak azaldu duenez, 25 bat urte daramatzate ekimena egiten, eta hasieran kosta egin zitzaien arren, “asko gozatzen” dute: “Belen Balerdi Kimetzeko presidenteak proposatu zigun margolanak kalera ateratzea. Hasieran lotsa izaten genuen, lauzpabost ginen, baina geroz eta emakume gehiago animatzen dira”. Hutsetik hasita margotu zuten lehenengo urteetan, mihise zuritik, baina jada martxan dauzkaten lanak ateratzen dituzte egun, jendeak ikus ditzan. Barrenako parkean egin ohi zuten hasieran, gero Zuhaizti zentro kanpoan, eta gaur egun udaletxeko arkupeetan. “Jende gehiago pasatzen da bertatik eta interesa pizten du”.
Margotzeaz harago, elkarren arteko harremanak nabarmendu ditu Campanok: “Oso talde polita da. Taldeak asko eragiten du ekimenean. Margotzeaz gain, bizipenak partekatzen ditugu. Elkarrekin bazkaltzera joango gara”. Emakume gehiago margotzera eta lanak erakustera animatzeko jarri zuten martxan, eta urteen poderioz, parte hartzaile gehiago daudela nabaritu dute. “Helburua da jendeak aukera hau dagoela ikustea, izena eman dezakeela eta honen parte izan daitekeela”.