Almitzaren neguko jaialdia bideoan
Mikel Goñik eta Aitor Elizegik 22-10 galdu dute pilotan Beñat Azketaren eta Iban Matxinandiarenaren aurka. Iker Zubeldia izan da lehenen botileroa, Aratz Igartzabal irabazleena. Aizkora erakustaldia ere egin dute.
Bertso-pilota desafioan parte hartu zuten lau pilotariak, atseden hartzen. // Argazkia: Gotzon Aranburu Bertso-pilota desafioa eta aizkolaritza uztartu zituzten larunbatean Zaldibiako Resti pilotalekuan, Almitza sega elkarteak antolatutako neguko jaialdiaren barruan.
Pilota partidarekin hasi zen jaialdia. Mikel Goñi eta Aitor Elizegi zaldibiarra batetik, eta Beñat Azketa beasaindarra eta Iban Matxinandiarena zegamarra –azken hori Arkaitz Gabirondoren ordez– bestetik. Bigarrenak nagusitu ziren, 22-10. Irabazleen botilero Aratz Igartzabal bertsolari gabiriarra izan zen, galtzaileena Iker Zubeldia zegamarra. Tanto politak jokatu zituzten.
Aizkora saioaren aurretik, Almitza elkartea ontzen ari den Aztala lurrean dokumentalaren pasarte batzuk proiektatu zituzten. Aurten, Eslovenian jokatuko den Europa Txapelketan parte hartuko dute Almitzaren segalariek.
Aizkora erakustaldian bi bikote misto lehiatu ziren. Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarra eta Maika Ariztegi, eta bestea Julen Gabirondo eta Uxue Antsorregi. Plantanoak ebaki zituzten.












