Euskara ikasleak etxean hartzeko eskaera-deia egin du Maizpidek
Maizpide barnetegian euskara ikasten ari diren ikasleak etxean hartzeko gonbita eta deialdia egin ditu euskaltegiak. Lazkaoko eta Goierriko familia euskaldunak behar dituzte; batetik, ikasleei astean zehar egonaldia eskaintzeko; eta, bien bitartean, hizkuntza eremu naturalean eta modu bizian erabiltzeko zerbitzua emateko.
«Hizkuntza bizia eskaini nahi diegu gure ikasleei, eta, horretarako, Lazkaoko eta inguruko familia euskaldunak behar ditugu», aurreratu du Maizpidek.
Betekizun batzuk izan behar diru familiak. Lehenbizikoa, hizkuntzarena: euskaldunak izan behar dute, eta etxean euskaraz egiten dutenak. Ikaslea astean zehar egongo da etxean: astelehenean edo jai biharamunean afaltzera sartu, eta ostiralean gosal ondoren alde egingo du.
Egun horietan, etxean gosaldu, afaldu eta lo egingo du ikasleak –bazkaldu eta eskolako klaseak, euskaltegian–. Gaueko, 30 euro ordainduko dio euskaltegiak familiari.
Familiak hilabeteko konpromisoa hartu behar du, euskaltegiko ikatsaro egutegiaren arabera. Epe horren ondoren, hiru aldeen artean balorazioa egingo dute (familiak, ikasleak eta Maizpidek), eta beste hilabeterako berritu edo eten ahalko da tratua.
Izena emateko, euskaltegira deitu (943 88 92 31) edo idatzi (lazkao@maizpide.eus) behar da.