Gerrikok gaur hasiko du suizidioari eta depresioari eskainitako hitzaldi zikloa
Eneko Eizagirre irakaslearen hitzaldi batek emango dio hasiera, gaur iluntzean, Lazkaoko Gerriko kultur elkartearen Berriketan zikloari. Martxoan zehar, hiru hitzaldik osatuko dute, gai nagusitzat suizidioa eta depresioa hartuta, eta Maita geure burua, elkar maitatu lelopean.
Suizidio kasu baten aurrean nola aurre egin daitekeen azalduko du Eizagirrek, gaurko solasaldian. Gertuan izandako gertakari batetik abiatuko da. Gerriko txokoan, 18:30ean hasiko da hitzaldia. Gainerako bi solasaldiak ere leku eta ordu berean dira.
Hurrena, martxoaren 21ean, Biziraun elkarteko Maitane Etxenike psikologoak Depresioa, ustekabean etxean sartzen den bidaia-laguna hitzaldia egingo du. Azkenik, hilaren 27an, Izaskun Andonegi eta Txema Ormazabal ariko dira. Haiek ere suizidioaren gaiari helduko diote, horren inguruko mitoak, gomendioak, eta taldeko laguntza azaltzeko. Andonegi erizaina eta dolu terapeuta da, Bidegin elkartearen fundatzailea; Ormazabal, aldiz, irakasle izan zen, eta suizidioaren arazotik bizirik atera direnen taldeko terapeuta.