'Harro hadi' dinamikaren manifestua aurkeztu dute Itsasondon
Apirilean 50 urte izango dira poliziak Eustakio Mendizabal Benito 'Txikia' itsasondoarra Algortan (Bizkaia) tiroz hil zuenetik. "Txikia-ren belaunaldikoek Euskal Herriarentzat bide bat imajinatu eta abian jartzen asmatu" zutela adierazi dute, eta gaur egun susperraldi garai berri baten beharra aldarrikatu dute.
‘Harro hadi Kantauri itsasoa’ dinamika eta manifestua aurkeztu dute Itsasondon. Euskal Herri osoko 50 eragilek sinatu dute manifestua, eta apirilera arte hainbat ekitaldi, solasaldi eta jarduera antolatu dituzte. Dinamikaren helburua nazio susperraldi berri bati ekitea da, eta manifestuan adierazi duten bezala, «euskara eta euskal kulturaren aldeko borroka gai berriekin josten asmatzea». Aurreko belaunaldiek egindako naziogintza lanari bultzada eman eta garai berrietara egokitutako naziogintza eredua bultzatu nahi dute.
Apirilean 50 urte izango dira poliziak Eustakio Mendizabal Benito Txikia itsasondoarra Algortan (Bizkaia) tiroz hil zuenetik. Garai horretan, “Txikia-ren belaunaldikoek Euskal Herriarentzat bide bat imajinatu eta abian jartzen asmatu” zutela adierazi dute, eta gaur egun susperraldi garai berri baten beharra aldarrikatu dute. Gaurko aurkezpenaren ondoren, dinamikaren barruan bi ekitaldi nagusi egingo dituzte, eta apirilaren 22an amaiera emango diote, Algortan. Tartean, hainbat solasaldi egingo dituzte.
-Ekitaldiak eta hitzaldiak:
- Martxoak 11, larunbata. 12:00etan, ekitaldi politikoa, Itsasondoko frontoian. Ekitaldi politikoaz gain, bazkaria ere egingo dute.
- Martxoak 22, asteazkena. Garaiko belaunaldiari buruzko hitzaldia, Itsasondon.
- Apirilak 7, ostirala. Gazte Topagunean, orduko nazio susperraldiak emandakoaz eta egungo belaunaldien erronkaz, 16:30ean, Elorrion.
- Apirilak 20, osteguna. Euskal kulturgintzaren azken hamarkadetako bilakaerari buruzko hitzaldia, Algortan, Laura Mintegirekin eta Itxaso Paiarekin.
- Apirilak 22, larunbata. Ekitaldi politikoa Algortan, dinamikari amaiera emateko.
MANIFESTUA
“50 urte egingo ditu, apirilaren 19an, aurten Eustakio Mendizabal Benito Txikia Algortan poliziak tiroz hil zutenetik. Aurten beteko dira, halaber, 52 urte Ez dok amairu kultur mugimenduak Larraitzen kontzertu batean milaka gazte batu zituenetik. 55 urte aurten, euskara batuaren oinarriak ezartzeko Arantzazun batu zirela.
Zerrenda asko luza genezake. Aurreko mendearen 60ko eta 70ko hamarraldiek askorako eman baitzuten. Gure nazioarentzat susperraldi berri baten garaia izan zen hura: hizkuntzaren berpiztea, euskal kulturaren adierazpen eta mugimenduen bultzada, ikastolen sorrera, etab. Txikiaren burkide eta lagun min Jose Manuel Pagoaga Gallastegi Peixoto-k ‘ereintza aroa’ deitu zion 60ko hamarraldi hari.
Txikiaren belaunaldiak garai hartako Euskal Herriarentzat bide bat imajinatu eta abian jartzen asmatu zuen; Euskal Herriaren historiari kapitulu erabakior bat gehitzeari ekin zion. Hori baita herri baten historian belaunaldi bakoitzak duen egitekoa. Eta hori baita orain ere Euskal Herri aske batean sinisten dugunon egitekoa eta ardura.
Garai berrietara egokitzeko eta aukerak baliatzeko beharra dute herriek. Are gehiago gurea bezala estaturik gabeko herria bada. Duela mende erdi pasatxo gure aurreko haiek egin zuten moduan, nazio susperraldi berri bati ekitea dagokigu. Hemen eta Orain. Aurreko belaunaldiek irekitako bideetatik ibiltzea eskatuko digu horrek, nahitaez. Baina bide berriak imajinatzea eta horietatik ere ekin eta jarraitzea eskatuko digu. Horixe baita Txikiaren belaunaldia oroitu eta omentzeko egin dezakegun ekarpen handiena.
Azken Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazle Maialen Lujanbiok esan zuen agurrean: ‘Herriak ta hizkuntzak zuten norantzari, gai geyo lotu zaio lehengo ardatzari’. Horra hor hitz gutxitan garai honek eskatzen duen nazio susperraldiaren funtsa: euskara eta euskal kulturaren aldeko borroka gai berriekin josten asmatzea. Eta joskintza horretatik ekitea. Ekinaren ekinez jartzen baita martxan herri bat.
Ekin diezaiogun beraz. Aktiba ditzagun Euskal Herriaren luze zabalean martxan diren indar komunitarioak. Saretu ditzagun nazioa egunero egiten duten iniziatibak. Eta sortu ditzagun berriak, egungo errealitate eta begiradek ernaberritu dezaten urteetan ereindako naziogintza lana.
Harro hadi Euskal Herria!”
MANIFESTUAREN SINATZAILEAK
Laura Mintegi Lakarra, Itziar Aizpurua Egaña, Maddi Alberdi Salegi, Eñaut Etxamendi Gueçainburu, Isidro Garalde Bedialauneta “Mamarru”, Mitxel Sarasketa Zubiarrementeria, Aitor Garmendia Etxeberria, Aiora Zurutuza Rodriguez, Jokin Urain “Kixkur”, Helena Franco, Irantzu Idoate Funosas, Irene Ezkurra Eriz, Jone Iturrioz Huarte, Eneko Alberdi Salegi, Itxaso Paia Ruiz, Koldo Ituarte Arkotxa, Markel Brouard Maiz, Ainhoa Barandiaran Noguera, Mikel Aramendi, Haimar Altuna Ijurko, Maddi Urruzuno Gartzia, Kerman Diaz Franco, Josu Letamendia Altuna, Irati Salinas Jauregi, Benantxio Etxeberria Luluaga, Maitane Nerekan Umaran, Mikel Zurutuza Rodriguez, Juan Mari Arza Etxeberria, Markel Iturrate Galduroz, Aña Iriart, Jose Manuel Mendizabal Benito, Blanca Mugika, Ramon San Sebastian Irastorza, Nerea Guijarrubia Garcia, Axier Garro, Unai Mendiburu Valor, Iñaki Lasa Arza, Jon Etxeberria Luluaga, Loren Petralanda Lizundia, Sorkunde Aretxaga Etxaburu, Aitor Arrospide Arza, Esther Lopez Angulo, Aritz Landeta Terceño, Mari Garro Balda, Nahiare Riaño Alcalde, Iker Mendizabal Garro, Josu Landeta Egurrola, Maite Etxeberria Luluaga, Juanjo Vega Mendia eta Rufi Etxeberria Arbelaitzek sinatu dute.