Lazkaoko merkatariek laguntzak jasoko dituzte, hainbat arlotan berrikuntzak egindakoan
Dendak berritzeagatik, irekitzeagatik, digitalizatzeagatik edo euskara lehenesteagatik, diru laguntzak jaso ahalko dituzte Lazkaoko merkatariek. Lazkaoko Udalak merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza sustatzeko diru laguntzen urteko deialdia zabaldu du. Eskaerak abenduaren 31ra arte egin ahalko dira, eta 2023ko urteko lehen egunetik egindako jarduerak finantzatuko dituzte.
Denda berria irekitzeagatik, 500 euroko laguntza emango du udalak. Lokalak berritzeagatik, justifikatutako gastuen %20 finantzatuko du, gehienez 1.250 euro. Errotulazioak euskaraz jartzeagatik, kostuaren %80 hartuko du udalak bere gain (500 euro gehienez), eta TicketBai fakturazio sisteman euskarazko softwarea instalatzeagatik, 250 euro. Azkenik, Goierriko Azoka ekimenaren bidez saltzeko, inbertsio digitalaren gastuaren %80 lagunduko du, 160 euro gehienez. TicketBain eta Goierriko Azokan, iaz abiarazitako laguntzei jarraipena emango zaie.
Udalak azaldu duenez, laguntza hauen helburua, merkataritza «sustatu eta babesteaz gain», hiri-ekonomia garai berrietara egokitzea da, «biziraupena bermatu eta aukera berriak eman».