Txirrindulari gazteen topaketa jendetsua izan da Zegaman
Eskolarteko txirrindularien 3. Proba jokatu da asteburuan Zegaman, Elkartu Nahi Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Guztira, Gipuzkoako txirrindulari eskola ezberdinetako «62 txirrindularik» hartu dute parte antolatutako probetan, Elkartu Nahiko Ruben Zabaletak esan duenez. Aurretik egin zen lasterketa herrikoian, «Zegamako 25 bat txirrindulari» aritu ziren.
Kimuen eta gazteen mailetan egindako lasterketetan, ondokoak izan dira irabazleak. Kimuetan nesken mailan, Amaiur Basterretxea —bera izan zen neska bakarra—, mutiletan, Ioritz Saizar, Beñat Iraola eta Manex Arsuaga. Gazteen mailan, Malen Iurrita, Maddi Irizar eta Naxara Odriozola nesketan eta Unai Aranburu, Oinatz Arruti eta Oier Iartza mutiletan. Benjaminen mailan lasterketaren ordez, topaketa antolatu zen.
Hurrena, 34. Elkartu Nahi proba
Hurrengo hitzordua 34. Elkartu Nahi Sariketa izango da. Hasiera batean, apirilaren 1erako aurreikusita dagoen arren, posible da federazioaren aginduz data aldatu behar izatea, eta momentuz baieztatzeke daukate. Euskal Herriko Itzuliaren aurreko asteburua dela eta hartu dezake Zegamako proba dataz aldatzeko erabakia federazioak.