Amatasunaren inguruko tabuak ikusgai
'Emakume jaio zara-hilerokoa izango duzu-ama izango zara’ erakusketa jarri du ikusgai Jennifer Arevalo da Silvak (Villabona, 1989) Legorretako udaletxean, ostiralera arte. Bere esperientzia pertsonalean oinarrituta, doluari tokia egiteko bidaia bat da.
Emakume izateak gizartearen aldetik dakartzan aurreiritzi eta kontraesanak , eta aurreiritzi eta uste horiek emakumeengan izan ditzaketen eraginak islatu ditu Jennifer Arevalo da Silva Legorretan bizi den billabonarrak bere azken erakusketan, haurdunaldiari eta amatasunari helduz: Emakume jaio zara-hilerokoa izango duzu-ama izango zara. Ostiralean Legorretako Herri Antzokian aurkeztu zuen. Udaletxean egongo da ikusgai ostiralera arte. Amatasunaren inguruko tabuak hautsi nahi ditu erakusketarekin.
Ama izateko nahia eta presioa, nahi horrek izan ditzakeen arazoak edota ama izan ondoren jaso daitezkeen eskatu gabeko iritziak jorratzen ditu, bere esperientzia pertsonalean oinarrituta. “Nik izan nuen haurdunaldian galera bat 5. hilabetean, eta beharra neukan hori askatzeko”, azaldu du Arevalok. Doluari tokia emateko, idazten eta hitzei irudiak jartzen hasi zen. “Doluaren inguruan ilustrazioak egiten hasi nintzen. Konturatu nintzen gure gizartean tabua dela eta ez dela horretaz hitz egiten”.
Doluaren bidaia
Bakardadea sentitu zuen prozesuan, eta terapia moduko bat izan zen berarentzat. Horrelako egoerak ikusarazteko eta gizartean errotuta dauden ohiturak zalantzan jartzeko ere baliatu du lana. Amatasunaren inguruan helarazten diren mezuak “oso gogortzat” jo ditu, eta horiek berrikusteko baliatu du erakusketa. “Oso bakarrik gaude horrelako bideetan, laguntza ere oso gutxi dago. Psikologoan hitzordua ez dizute emango pribatutik ez bazoaz”. Erakusketa bera bidaia bat da, dolu prozesutik hasi, in vitro ernalketa prozesu luzetik segi eta haurdun geratu arte.
“Emakumeoi emakume izanagatik esaten digute hilerokoa izango dugula eta ama izango garela txikitatik, kontuz ibiltzeko. Beldur horrekin hazten gara”. Gero, ama izan ezinagatik ere, “beldurra” eta “frustrazioa” sentitzen dira. Haurdun geratzean ere dauden aurreiritziak eta esanak islatu ditu lanean, berak, adibidez, bularra ezin emateagatik ere hainbat mezu jaso izan baititu.
Ama izatea erabaki ala ez, horrelako egoerak “obsesioa” ez daitezen bilakatu, amatasunaren inguruko tabuak jendarteratzea du helburu Arevalok. Erakusketaren bidez, antzerako egoera bizi izan duten pertsonak ezagutu ditu. “Gertatzen zaizunean, bat-batean inguruan jende gehiago ateratzen da. Bakoitzak berarentzat gordetzen du, baina orokorrean tabua delako da. Pena hori partekatzea kosta egiten da”. Beldurrak gehitzea baino, gaiaz hitz egitearekin batera beldurra galtzea da asmoa.
Ostirala, azken eguna
Aurreko ostiralean Herri Antzokian egindako aurkezpena «oso polita» eta «oso intimoa» izan zen Arevaloren hitzetan. Herritarrek ostiralera arte (martxoak 10) izango dute aukera audio, bideo eta ilustrazioz osatutako erakusketa ikusteko, Legorretako udaletxean.