Idiazabalgo Udalak zazpi ardura hartu ditu berdintasunean sakontzeko
Idiazabalgo Udalak gizarte, ekonomia, ingurumen eta gobernantza ereduak birplanteatu nahi ditu, "berdintasun-arrakalak gutxitzeko asmoarekin"
Idiazabalgo Udalak politika feministak garatzeko zazpi konpromiso hartu ditu. Aurreko asteko osoko bilkuran onartu zuten adierazpen instituzionalean daude jasota zazpi ardurak:
- Abian dugun emakumeen ahalduntze eskola ikusgarri egitea, baliabideez hornitzea eta protagonisten beharrei egokitzea.
- Mugimendu feministaren eta emakume-elkarteen parte-hartzea indartzea, erabaki partekatuak hartzeko konpromiso sendo batetik abiatuta.
- Berdintasun-planean jasotako ekintzak garatzen jarraitzea. Era berean, planaren intersekzionalitatea indartzea gure gizartea osatzen duten eremu guztietan, emakumeek beraien aniztasunean duten parte-hartze osoa eta eraginkorra finkatzera iristeko.
- Zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz.
- Adinaren eta generoaren arabera bereizitako datuak jasotzea, 1/2022 Legearen aginduak dakarrena kontuan hartuz, neskatilen, neska nerabeen eta emakumeen bizitzetan eragin zuzena izango duten politikak egiteko informazioa izateko.
- EUDELi eskatzea, indarkeria politikoari aurre egiteko protokoloak proposa ditzala, emakumeen partea hartzeari eta erabakitzeko gaitasunari buruzko ikerketa bultza dezala eta ordezkaritza orekatu baterantz egiten diren aurrerapenak babes ditzala.
- Euskal Herriko Mugimendu Feministak abiatu duen dinamikarekin bat egitea, Martxoaren 8ko deialdiak babestuz eta herritarrei bertaratzeko deia eginez.
Idiazabalgo Udalak gizarte, ekonomia, ingurumen eta gobernantza ereduak birplanteatu nahi ditu, “berdintasun-arrakalak gutxitzeko asmoarekin”. Izan ere, emakumeentzat arrakala horiek handitu egin direla dio udalak. “Orain da liderrak izateko garaia”, azpimarratu du, “erakundeak eta gizartea eraldatzeko harreman-eredu askoz ere inklusiboagoak, kooperatiboagoak eta sortzaileagoak lortzeko. Sektore anitzeko lankidetzako gobernantza feministaren eredu baterantz aurrera egin behar da, elkar entzutean oinarrituz, baita botere eta erantzukizunen banaketa eta partaidetza-prozesuak abian jartzean ere”.
Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea dela gehitu dute. “Diskurtso hutsaletatik,
elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da”. Horretarako, politika feministak eta emakumeen parte hartzea aldarrikatu ditu Idiazabalgo Udalak. Emakumeen parte hartzea bermatzeko zaintza-lanen banaketa parekidea, lan baldintza hobeak, estereotipo eta aurreiritziak kentzea, emakumeen aurkako indarkeria desagertaraztea eta lidergoan jarduteko praktikak eta moduak deseraikitzea beharrezkoa dela esan du.