Karmele Telleria: «Gustuko lana izanda segituan zahartu naiz»
Otsailaren 28an itxi ditu ateak Segurako Karmele ile-apaindegiak. Karmele Etxeberriak (Zerain, 1963) ireki zuen negozioa 1982an. 41 urtez lanean jardun eta gero, erretiroa hartzeko garaia iritsi zaio orain.
Bizitza erdia baino gehiago Seguran lanean eman duzun arren, jaiotzez ez zara segurarra.
Zeraingo Barbari-Arretxe baserrian jaio nintzen, Barbari auzoan. Oinarrizko ikasketak Segurako eskolan egin nituen. Aita hil berritan, 17 urte nituela Gasteizera (Araba) joan nintzen ile-apainketa ikastera eta 19 urterekin ireki nuen Karmele ile-apaindegia, hemen, Seguran, 1982an.
Ohikoa al zen garai hartan emakumeak herritik kanpo ikastera joatea?
Nire kuadrillan bakarra izan nintzen, baina Gasteizen 20 bat neska ginen ile-apainketa ikasten. Hala ere, ez dut uste garai hartan akademia asko egongo zirenik.
Hasieratik garbi izan zenuen ile-apaintzaile izan nahi zenuela?
Beti gustatu izan zait lanbide hau. Gustuko lana izanez gero, segituan zahartzen dela bat esan ohi da eta niri hori gertatu zait.
Gogoratzen duzu negozioa ireki zenuen lehendabiziko eguna?
Bai, eta lehendabiziko bezeroa zein izan nuen ere bai. Segurako emakume bat zen, baina badirudi ez zitzaiola gustatu, ez baita sekula berriz itzuli. Hala ere, nik estima handian eduki izan dut beti emakume hura, lehendabizikoa izan zelako.
Ordutik 41 urte pasa dira. Nola baloratuko zenituzke urte guzti hauek?
Oso urte onak izan dira. Bezeroengandik asko ikasi dut, izan ere emakume handiak izan dira Seguran. Zorte handia izan dut guztiak ezagutu izanaz.
Harreman estua sortzen da bezeroekin?
Nik etxekotzat hartu izan ditut denak. Elkar lagundu izan dugu beti, bizitzako une on eta txarretan.
Hiru ile-apaindegi izan dira orain arte Seguran.
Oso ondo konpondu izan gara elkarrekin. Urtean behin afariren bat edo beste egin izan dugu, elkarrekin prezioak adosteko, etab.
Erreleborik ikusten duzu?
Ez, zaila da. Autonomoa izatea ez da erraza gaur egun.
Otsailaren 28an itxi zenuen ile-apaindegia. Hemendik aurrera zer?
Nire buruari denbora eskainiko diot. Ikaragarri gustatzen zait olioan pintatzea, eta senideei ilea egiten jarraituko dut, asko gustatzen zait eta.