‘Lurra, gorputzak, adostasuna’ saioa igandean Igartubeitin
Ezkioko Igartubeiti baserri museoak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Lurra, gorputzak, adostasuna izeneko saioa antolatu du igande honetarako, hilak 12. Izena emateko epea irekita dago dagoeneko, hemen.
Saio hau Barne begiradak proiektuaren baitan sortu da eta emakumearen gorputzaren eta naturarekiko duen harremanaren inguruan hausnartzea du helburu, «proposamen fisikoetatik abiatuta, eusten gaituen lurrarekin, beste izakiekin eta geure gorputzarekin nola erlazionatzen garen ikertuko dugu», aurreratu dute Igartubeititik.
Saioa Maria Alonso del Val-ek eskainiko du, talde-bideratzailea, antzerkian aditua eta jakintza-alor anitzeko artista da. «Geure buruarekin, gure gorputzekin, besteekin eta gure ingurunearekin dugun harremana samurtzeko eta leuntzeko» gonbidapena da museoaren hurrengo proposamena.
Ordutegi berria museoan
Baserritik egitasmoaren baitan, Judith Garcia baserritarrari egindako elkarrizketa zabalduko dute web gunean gaur, «genero ikuspegia aintzat hartuta, emakume baserritarren ahotsetik baserriaren gaurkotasunaz» jabetzeko aukera eskainiko du. Amaitzeko, museoan urrira arte izango duten ordutegia jakinarazi dute: asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta igandetan 10:00etatik 14:00etara.