Kerejeta tailer zaharra bost urterako hartu du Ataungo Udalak, kutsadura azterketen truke
Tailerreko jardueraren ondorioz, lurzorua aztertu eta lokalak garbituko ditu udalak. Diru laguntzarekin %100 finantzatuko da. Ekimen soziokulturalak jartzeko asmoa du han, bost urterako.
Ataun San Martingo kalearen erdi-erdian dagoen Kerejeta tailer zaharraren lokalak udalak erabili ahalko ditu, bost urtean. Akordio horretara iritsi da eraikinaren jabeekin. Industri kutsagarrien jarduera izan zuenez, zenbait betekizun itxi dituzte.
Lurzoru kutsatuen katalogoan dago eraikina, eta dagokion azterketa eta deskutsatze prozedura egin artean, korapilo estua da hori. Hala, Ataungo Udalak kutsadura azterketa eta hustuketa egiteko diru laguntza bat lortu du, erakunde publikoek soilik eska zezaketena. Kerejeta tailerreko zazpi jabeekin akordio batera iritsi da: lurzorua aztertu eta kutsadura azterketa egitearen truke, tailerraren lokalak –batez ere kalearen parean dagoena– bost urtean erabili ahalko ditu Ataungo Udalak.
Erabilera soziokulturala
Abenduan lortu zuen udalak diru laguntza, eta azterketa eta lokalaren hustuketa egiteko kostuaren %100 finantzatuko zaio: 22.000 euro. Udalak ordaindu beharko duen bakarra, kopuru horren BEZa izango da.
«Susmoa dugu errepide pareko solairua ez dagoela kutsatuta. Zorua gogorra da han. Egotekotan, eranskina eta baratze ingurua egongo dira kutsatuta, piezak bainatzeko horiek erabiltzen zituztelako», azaldu du Martin Aramendi alkateak.
Bost urteko erabilerarako hitzarmena ere sinatu du udalak jabeekin. Erabilera soziokulturalerako gune bat jarri nahi du udalak Kerejeta tailerrean: Lurlab gunea, pintura eta arte sorkuntzarako gunea, coworking espazioa… aipatu dituzte. «Ez genuke obra handirik egingo, bost urterako delako. Eraberritze gutxienekoa soilik, argiteria instalazioa, leihoak konpondu eta goxo jarri».
Prozesua luzea izan daiteke. Garbiketa aste honetan edo hurrengoan hastekoa da udala. Gerorako, lehen pausoa eginda geratuko da. 12 etxebizitza onartzen ditu Arauak orube hartan.