Ordiziako Eskola Publikoko Guraso Elkarteak salatu du segregazioari aurre egiteko planak "apenas murriztuko duela puntu batean desoreka 20 urtean"
Ordiziak %18,5eko migrazio tasa du, eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haurren familien %30,2k jatorria atzerrian dauka. Datu horiek ikusita, Ordiziako zaurgarritasun indizea %15,96koa nola izan daitekeen galdegin diote Bildarratzi.
Ordiziako Eskola Publikoko Guraso Elkarteak segregazioari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzaren planak Ordiziako “desoreka larria 20 urtean apenas puntu batean murriztuko” duela salatu du, Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari zuzenduta zabaldutako idatzi batean. Azaldu duten bezala, Ordiziako eskolen artean, jatorriaren baitako desoreka %31,5 puntukoa da, eta 25,5 puntu igo da azken 8 ikasturteetan. Eskola bakoitzeko familien euskara ezagutzan %48 puntuko desoreka dago, eta behar sozialak dituzten ikasle eta familien banaketan, desoreka “are handiagoa” da.
“Ordiziako eskolen artean eta herrian, jatorri, hizkuntzaren ezagutza eta egoera sozioekonomikoaren baitan dagoen desoreka larriak kezkaturik, etengabe jo dugu azken urteetan Jaurlaritzako Hezkuntza arduradunengana egoera bideratzeko neurriak eskatuz. Arartekoak ere atentzioa eman die behin baino gehiagotan”, adierazi dute. Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren harira, gobernuak landutako neurriek zer eragin izango luketen jakiteko bilera eskatu zioten Hezkuntza Sailari, baina ez dute erantzunik jaso oraindik.
Idatzian azaldu dutenez, otsailean ezagutu zuten matrikulazio eremuko zaurgarritasun indizea. Ordiziako indizea %15,96a dela ondorioztatu du Hezkuntza Sailak. Indizeak zer aplikazio izango duen, baina, ez dago argi. “Duela 9 hilabete hezkuntza arduradunei eskatu arren, Arartekoak azaldu behar izan digu Hezkuntza Sailak nola aplikatuko duen indizea eta nola kalkulatuko diren ikasle zaurgarri eta ez-zaurgarrientzako orde beharreko plazak”. Ordiziak %18,5eko migrazio tasa izanik eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haurren familien %30,2k jatorria atzerrian izanik, Ordiziako zaurgarritasun indizea %15,95koa nola izan daitekeen galdegin diote Bildarratzi.
“Azken bost urteotan herriko haurren euskara erabilerak bost puntu egin du behera. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %59k du guraso edo tutore euskaldunen bat, herri osoko biztanleen euskara ezagutza maila baino %2 gutxiago. Eskola Publikoko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen %35ek soilik du euskalduna den guraso edo tutoreren bat. Behar sozialak dituzten ikasle edo familia ia guztiak Eskola Publikoan daude”. Datuei erreparatuta, eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko zaurgarritasun indizea %15ekoa dela kontuan izanik, ez dute ulertzen nolatan izan dezakeen Ordiziak %15,96koa: “Zer esan nahi du horrek, Ordiziako egoera EAEko batez bestekoaren antzekoa dela?”.
“Egoera betikotu”
Indizearen aplikazioak desoreka bideratzerakoan izan dezakeen eraginari dagokionean, Ordiziari ezarritakoak “oso eragin txikia” edo ez lukeela “inolako eraginik izango” salatu dute. Guraso Elkartearen hitzetan, ikastetxeen eta eremuko indizearen arteko diferentziak ezartzen du Haur Hezkuntzako 2. mailan ikasle zaurgarrientzat Ordizian erreserbatu beharreko kopurua “sei plaza ingurukoa” dela, eta “Ordiziako Ikastolak azken ikasturteetan izan dituela jada jatorria atzerrian duten familietako sei ikasle inguru”.
“Ikastetxearen eta matrikulazio eremuko indizearen arteko diferentzia %10 baino handiagoa bada, erreserbatu beharreko plazak gehienez %10era mugatuko direla dio Jaurlaritzak. Hori horrela bada, erreserbatu beharreko plazak, gehienez, bost izango lirateke”, arrazoitu dute.
Hezkuntza Sailak desorekari aurre egiteko abian jarritako tresnak, “Ordizian desoreka ez konpontzeaz gain, egoera betikotzen” duela gehitu dute. Hezkuntza Sailari eskatu diote, Ordiziako desoreka bideratu ahal izateko, “planifikazioan eragitea, itunpeko ikas-postuak eta ikas-lerroak mugatzea, eta jatorriaren, hizkuntzaren eta egoera sozioekonomikoaren baitako ikasle zaurgarri eta ez-zaurgarriak modu orekatuan banatzea”, baldintza horiek beteta, “zaurgarritasun indizea baliagarri gerta bailiteke ikasleen banaketa orekatua egiteko”.
“Horretarako, ordea, Ordizian Hezkuntza Sailak ezarri duenaren bikoitza baino handiagoa beharko luke, %38 ingurukoa, alegia”.
Bildarratzi eskatu diote desoreka bideratzeko neurriak hartzea, inklusioa bultzatzeko, euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko, egoera sozioekonomiko ezberdinetako ikasleen arteko harremana bultzatzeko eta elkar ezagutza bultzatzeko. “Bildarratz jauna, ez dugu desorekara kondenatzerik onartuko. Ordizian, Eskola Publikoaren oraina eta etorkizuna daude jokoan, baita Ordiziako elkarbizitza, berdintasuna, justizia soziala, inklusioa eta euskalduntzea ere”.












