Kargu publikoen soldata igotzea onartu du Beasaingo Udalbatzak EAJren bozekin
EH Bilduk kontra bozkatu du, nahiz eta udal langileen soldata igoerarekin ados egon. Igoera, %2,5ekoa izango da. 80.000 euro ingurukoa izango da Beasaingo alkatearen urteko ordainsaria.
Askorako eman zuen otsailari zegokion Beasaingo udaleko osoko bilkurak. 2023. urterako ordainsarien igoerari dagokiona zen eguneko gaietako bat. Udal langileen soldatak %2,5 haztea erabaki zuten. Arduraldi esklusiboa eta partziala duten kargu politikoak udal langileak izanik, eurei ere haziko zaie soldata. Hala, Leire Artola alkatea Gipuzkoako alkateen soldaten zerrendan lehen postuetan mantenduko da. Talde politikoen esleipenei eta kide anitzeko organoetara joategatiko ordainei ere eragiten die erabakiak. Atzeraeraginezko erabakia da. Hau da, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioa izango du.
Ateratako kalkuluen arabera, alkateak ia 1.600 eurotako igoera (79.876,47 euro urtean) izango du. Igoera eragingo die ondorengoei ere; alkateordeari (67.895,55 euro), antolaketa eta herritar batzordetako lehendakariei (59.907,83 euro) egunean 3,5 orduko lanaldiaren truke ia 30.000 euro, eta EH Bilduko zinegotzi liberatuari lanaldi osoagatik 37.525 euro.
Gaiak eztabaida piztu du
Eztabaida sortu zuen gaiak udal gobernuaren eta oposizioan dagoen EH Bilduren artean. Hain zuzen ere, EH Bilduko ordezkari Hasier Agirrek «kontra» bozkatuko zutela adierazi zuen, eta bozaren arrazoia ere argitu nahi izan zuen: «Guk udal langileen soldata igoera bai babesten dugu. Ez gaudena ados da udal karguen soldata igoerarekin».
Leire Artola alkateak oposizioari erantzun zion gogoratuz «igoera horren irizpideak 2019an Udalbatzak erabaki zituela». Hain zuzen ere, 2019 urteko uztaileko osoko bilkuran onartu zen, Leire Artola oraindik EAJko zinegotzia zela.
Beasaingo udalbatzan Eusko Alderdi Jeltzaleak osoko bilkuran gehiengo absolutua izanik, bozen emaitza erabakita zegoen lehen momentutik. Horren jakitun izanik ere, EH Bilduko ordezkariak, bere alderdiaren ikuspuntuan indarra egiten jarraitu zuten: «Azpimarratzekoa da legeak ahalbidetzen duen gutxiengo eta maximoetan, hemen, beti, maximoen alde egiten dela».
Beasaingo alkateak, berriz, «hemendik gutxira, legealdi berriarekin tokatuko da honetaz hitz egitea», esan zuen maiatzean izango diren hauteskundeei erreferentzia eginez eta horrela eztabaida itxiz.
Bozketan, EAJren botoei esker (10) onartu zen igoera. EH Bilduk (5) eta PSE-EEk (2) kontra bozkatu zuten.
Euskara babestea
Euskararen aurka jazotako eraso judizialaren aurrean EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zen EAJ (10) eta EH Bilduren (5) aldeko botoekin eta PSE-EEren (2) aurkako bozekin. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio guztiei eskatzen zaie jarrai dezatela orain arte euskararen normalizazioarekin eta euskal herritarren hizkuntza-eskubideen defentsarekin erakutsitako konpromisoarekin.