Laburbiraren XX. edizioak Goierriko 3 herritan egingo du geldiunea
Zazpi film laburrez osatutako bilduma eskainiko du aurten Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak. Martxoaren 29an Lazkaon izango da, eta apirilaren 4an, Ordizian eta Legazpin.
Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak aste honetan hasi du ibilbidea, eta apirilaren 5era arte herriz herri ibiliko da. Euskal Herriko 32 herritan egingo du geldiunea bere XX. edizioan, eta Goierriko 3 herritan ere izango da. Zazpi film laburrez osatutako bilduma eskainiko dute aurten.
Martxoaren 29an Lazkaoko Areria Kulturgunean eskainiko dituzte film laburrak, 19:00etan, eta apirilaren 4an, Ordiziako Herri Antzokian (19:00etan) eta Legazpiko Kultur Etxean (19:00etan). Aurtengo zirkuituko filmak hauek dira:
- MUSKIL. Zuzendaria: Marina Perosanz. Sinopsia: “Ixabel eta Pedro Muskil baserrian bizi dira. Luisa, herriko maistra berria, ondoko baserrira joango da eta bizimodua aldatuko zaio Ixabeli”.
- Olatuen isiltasuna. Zuzendaria: Maria Bartolome, Eric Campos eta Fernando Martin. Sinopsia: “Urtero-urtero Lekeitioko kaleetatik ibilbide berdina egiten du film honetako protagonistak zerbait edo norbait bilatzeko asmoarekin”.
- Irrits. Zuzendaria: Maider Oleaga. Sinopsia: “Izaro eta Clara, 17 urteko nerabeak, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Halako batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian”. Izaro Nieto ordiziarra da protagonistetako bat.
- Erlojupekoa. Zuzendaria: Leire Egaña. Sinopsia: “Astronautaz jantzitako rider bati enkargu bat jasotzeko mezua iristen zaio. Lortuko al du bere misioa betetzea erlojupekoa amaitu baino lehen?”
- Hitzak. Zuzendaria: Josu Martinez. Sinopsia: “1966, Ipar Euskal Herriko Bizkarsoro izeneko herrixkan, lau neska gaztek lurperaturik zeuden hitzak aurkitu dituzte. Michellek, 21 urteko gazteak, ez ditu ulertzen. Familian aspaldian galdu zuten hizkuntzan idatziak dira”.
- Asko falta da?. Zuzendaria: Ane Cuesta. Sinopsia: “Neska gazte bat asteburu pasa doa lagun talde berri batekin. Egun batetik bestera, gau bakar batean, dena aldatuko da”.
- Koadro goriari heldu. Zuzendaria: Iulen Arana. Sinopsia: “Herminia, 91 urteko andre bakartia, egoitza batean bizi da. Ez du inorekin harremanik, zentroko langile bat harengana hurbiltzen saiatzen den arte”.