Musika egunak Lazkaon
Lazkaoko V. Trikiti Txapelketa jokatuko da bihar, plazan, musika eskolak antolatuta. Sei bikotek parte hartuko dute. Igandean, Lazkaoko Musika Bandak kontzertua joko du, kultur astean.
Lazkaoko IV. Trikiti txapelketaren txapeldunak eta parte hartzaileak. // Argazkia: Aimar Maiz Lazkao Txiki Musika Eskolaren kultura asteak musikaz alaituko ditu Lazkaoko plaza inguruak, asteburuan. Bi ekitaldi antolatu dituzte aurten, eta asteburuan garatuko dituzte biak.
Lazkaoko Trikiti Txapelketaren bosgarren ekitaldia bihar jokatuko da, plazako frontoian, 17:00etan hasita. Gipuzkoako sei trikiti-pandero jotzaile bikotek parte hartuko dute. Tartean, goierritarrak ere izango dira. Bi bikote Lazkaokoak dira, bikote bat Zaldibiakoa, eta gainerakoak bi bikote Hernanikoak, eta bat Villabona-Errenteriakoa.
Musika eskoletatik ateratako trikitilari onentsuenak elkartuko dira, Lazkaoko txapel preziatuaren bila. Maila aipagarriko jotzaileak dira denak.
Trikitilarien lana baloratzen, Kristina Peña eta Pello Aiestaran ariko dira epaimahaian.
Musika banda, igandean
Igande eguerdian ere plaza aldea musikaz blaituko da. Asteburu kulturalaren bigarren ekitaldia Lazkaoko Musika Bandaren kontzertua izango da, frontoian, 13:00etan hasiko dena. Lazkao Txiki Musika Eskolako ikasleek ere joko dute emanaldian zehar.
Hamar piezako errepertorioa prestatu du musika bandak kontzerturako: Akelarrean, Moon river, Titanic, Gladiator, Piratas, The Tempest, Perfect, Pepas, Santana eta Final Countdown.
Martxoaren 26an, igandearekin izango da Lazkao Txiki gogoan ekitaldia, 12:30ean, Zelaiko estatuaren aurrean. Musika eskolako amonen taldeak, trikitilari taldeak eta kantu koralekoek parte hartuko dute. Horiekin batera, Oin Arin dantza taldeak eta Goierriko bertsolariek ere bai.
Gerriko kultur elkartea da Lazkao Txikiren ekitaldiaren antolatzaile eta eragileen akuilu.












