Pelex artistaren 'Hotsez Hots 2.0' erakusketa irekiko dute gaur
18:30ean izango da irekiera. Barrena kultur etxeko erakusketa aretoan egongo da ikusgai, martxoaren 31ra arte. Txalaparta abiapuntu hartuta, margolanez eta eskulturez osatuta dago.
Jose Luis Elexpe ‘Pelex’ artistak (Usurbil, 1969) ‘Hotsez Hots 2.0’ erakusketa jarriko du ikusgai Barrena Kultur Etxeko erakusketa aretoan. Gaur, 18:30ean izango da irekiera, eta martxoaren 31ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 19:00etara. Txalapartaren garapenaren inguruan sortutako erakusketa da. “Ttakun ttakun herrena. Ttan ttukuttun ‘Hotsez hots’-en 10. urteurrena. Ttan ttakattan hamarkada baten ondoren datorrena. Ttan tturrukuttun ‘Hotsez hots 2.0’ du bere izena”. Hala aurkeztu du artistak bere lana. Aurretik egindako ‘Hotsez hots’ erakusketaren jarraipena edo moldaketa da, margolanez eta eskulturez osatutakoa. Material ezberdinak erabili ditu lanetarako, tartean, egurra, aluminioa, zinka edota sarea, eta koloreek presentzia handia dute.
Euskal tradizioko hamaika zur-lanketa egindakoa da Pelex, artistak katalogoan azaldu duenez, “beti ere forma, estilo eta material berrien bilatze eta esperimentazioarekin uztartuz”. Eskultura-ikastaroa egin zuen 1998an Parisen, eta arte-buztinaren modelatuari buruzko ikastaroa Antonio Oteizarekin, 2006an. 201ean, UNESCOren artista profesionaleko agiria jaso zuen. Gaur egun Legution bizi da. 90. hamarkada amaieratik, hainbat erakusketa egin ditu, taldean zein bakarka.
Ordizian ere beste hainbat erakusketa egin izan ditu, azkenekoak Alamirako Altarte elkartean. Taldean, 2022an, ‘Nahasi artistikoa’ erakusketa jarri zuen bertan, eta bakarka, 2014an, ‘Ese horizonte desconocido’ izenekoa.