Harro Hadi dinamikak 'Txikia' gogoratu du Itsasondon
Apirilean 50 urte izango dira poliziak Eustakio Mendizabal Benito Txikia itsasondoarra Algortan (Bizkaia) tiroz hil zuenetik. Aste honetan Harro hadi Kantauri itsasoa dinamika eta manifestua aurkeztu dituzte Itsasondon. Euskal Herri osoko 50 eragilek sinatu dute manifestua, eta apirilera arte hainbat ekitaldi, solasaldi eta jarduera antolatu dituzte. Dinamikaren helburua nazio susperraldi berri bati ekitea da, eta manifestuan adierazi duten bezala, “euskara eta euskal kulturaren aldeko borroka gai berriekin josten asmatzea”. Aurreko belaunaldiek egindako naziogintza lanari bultzada eman eta garai berrietara egokitutako naziogintza eredua bultzatu nahi dute.
Lehen ekitaldia gaur izan da, Itsasondoko pilotalekuan. Ehunka lagun elkartu dira. Tartean, Txikiaren senitartekoak (azpiko argazkian ageri diren Anabel alarguna, Matalaz semea eta Joxe Manuel anaia, besteak beste). Eusko gudariak abestu dute eta dantzariek zintekin ikurrina egin dute. Ondoren, Aitor Arrospidek eta Nerea Martinezek duela 50 urteko belaunaldiak egindako lana azpimarratu dute eta Euskal Herriari askatasuna emango dion belaunaldia dagoeneko hemen dagoela aipatu dute. Telesforo Monzonek Txikiaren omenez idatzitako kanta abestu dute eta bere bizitzari buruzko bideoa eman dute. Bideoan bere irakaslea izan zen fraide batek omenduaren bizitzan garrantzitsuak izan ziren uneak gogoratu ditu eta Txikia nolakoa zen azaldu du. Alaia, jatorra eta arduratsua zela aipatu du eta bere mendizaletasuna eta euskararekiko grina azpimarratu ditu. Ondoren, Haimar Altunak hitza hartu du. Duela 50 urteko belaunaldiaren eta ondorengoen ekarpena txalotu du. Bukatzeko, senitartekoei loreak eta oroigarriak opari dizkiete eta aurreskua dantzatu diete eta bertaratuek Eusko gudariak abestu dute.