Kirola Elkarrekin jardunaldien XI.edizioa egin dute Legazpin
Kirola Elkarrekin jardunaldien XI.edizioak hartu ditu gaur Legazpiko kirol eremuak, Atzegiren eskutik. Egun osoan zehar adimen desgaitasuna eta desgaitasun fisikoa duten pertsonak, eta desgaitasunik gabekoak elkarrekin izan dira.
Gaurkoan kirolaren eta aniztasunaren topaleku izan da Legazpi. Adimen desgaitasunak zein desgaitasun fisikoak dituzten pertsona ugarik hartu dute parte, baita desgaitasunik gabeko beste hainbatek ere. Guztiak elkarrekin aritu dira kirolean gaurkoan, Elkarrekin Kirolean jardunaldien XI. edizioan. 500 parte-hartzailetik gora izan dira gaurkoan kirola egitera animatu direnak eta bakoitzak bere gustuen araberako kirola aukeratu ahal izan du, Atzegik eta Legazpiko zenbait elkartek elkarlanean prestatutako egitarau zabala dela eta. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako parte-hartzaileak izan dira.
Goizeko 9:30etan hasi dute eguna Legazpin eta arratsaldeko 16:15ak arte luzatu dute gaurko kirol-jaia. Egunaren aurkezpenarekin eman diete hasiera eta jarraian, azkar batean, kirolari ekin diete. Igeriketa, futbol 7-a, areto futbola, mendi irteera, pala, boloak eta bizikletako indor saioak izan dituzte. Ondoren, guztiek elkarrekin bazkaldu dute, eta arratsaldean, eguneko egitarauari itxiera alai bat emate aldera, zumba egin dute, parte-hartzaile guztiek elkarrekin.