Mikel Arrobarrena eta Xabi Garmendia lazkaotarrek irabazi dute Beasaingo Arrano elkartearen mus txapelketa
Atzo arratsaldean Beasaingo Arrano elkartearen mus txapelketaren 30. ekitaldia jokatu zen. 89 bikotek parte hartu zuten. Horietatik zortzi, emakumezkoek osatuak edo mistoak. Mikel Arrobarrena eta Xabi Garmendia lazkaotarrak nagusitu ziren. Txapeldunordeak Joseba Labaka (Urnieta) eta Iñaki Fernandez (Lasarte) izan ziren. Bikote mistoari dagokion saria Tania Alonso eta Manolo Garcia beasaindarrek irabazi zuten.
Lehen zortzi sailkatuentzat sari potoloak egon ziren. Guztira, 3.750 euro banatu zituzten: irabazleek 2.000 euro eta txapelak eraman zituzten; bigarren sailkatuek, 1.000 euro; hirugarrenek, 500; laugarrenek, 250; bosgarrenak, arkume bat; seigarrenek, ardo kaxa bat; zazpigarrenek, bi tarta; eta zortzigarrenek, bi magnum ardo botila.
Horretaz gain, zozketa bat ere egin zuten. Horra hor saritutako zenbakiak: A serieko 604, B serieko 394, C serieko 934, D serieko 707 eta E serieko 777.