Bi hitzaldi izango dira aste honetan 23. Erlezain Eguna girotzen hasteko
Bihar eta ostegunean izango dira hitzaldiak Anduetza parketxean. 21 erlezain izango dira ezti lehiaketan. Bigarren eskuko erlezaintzako materialen salmenta ere bai, lehenengoz.
23. Erlezain Eguna datorren igandean, martxoak 19, izango da Zegaman; Zegamako Udalak Gipuzkoako Erlezain elkartearen babesarekin antolatuta. Ohi bezala Gipuzkoako 23. Ezti Lehiaketa izango da egun horretarako ekintza nagusiena, baina beste hamaika ekintza ere antolatu dituzte. Hasteko, gaur eta bihar erlezaintzarekin lotutako bi hitzaldi izango dira Anduetza parketxean.
Gipuzkoako Erlezain elkarteko teknikari Bidatz Sasiainek esan duenez, erlezaintza eta erletik eratorritako produktuak ezagutzera ematea da helburu nagusiena, «erlearen mundua jendeari gerturatu nahi diogu, eta bide batez, ikus dezatela hemen zenbat produktu interesgarri egiten diren», zehaztu du. Eztia da orokorrean gehien ezagutzen dena, baina beste hainbat produktu interesgarri ere zerrendatu ditu teknikariak: «Polena, propolia, erregina-jalea, sukaldaritzan edo kosmetikan asko erabiltzen den argizaria…».
Horiek guztiak eta gehiago bertatik bertara ikusi, dastatu eta erosteko aukera izango da igandean, besteren artean. Aurretik, eta Erlezain Egunerako pizgarri izateko helburuarekin bi hitzaldi antolatu dituzte Erletik eta loretik dator mundua izenburupean. Aurtengoa 6. jardunaldia izango da.
Hitzaldiak, Anduetzan
Bihar arratsaldean, Mikaela Untsainek Erleen dinamika nola ulertu ingurua kontutan hartuta hitzaldia eskainiko du. «Esperientzia handiko emakumea da erlezaintzan eta oso hizlari ona», zehaztu du Sasiainek.
Sukaldaritzarekin lotutako hitzaldia izango da ostegunekoa, Balerdipeko Erleak elkarteko kideek eskainiko dutena. «Erlauntzako produktuak sukaldean nola erabili irakatsiko digute, eta pintxoak ere izango dira probatzeko». Bi hitzaldiak Anduentza parketxean egingo dira, 19:00etatik aurrera.
Igandean, Gipuzkoako 23. Ezti lehiaketan, zazpi eskualdetako —Tolosaldea, Goierri garaia eta behea, Bidasoaldea, Donostialdea, Urola eta Deba— 21 erlezain onenek hartuko dute parte. «Zegamako Udalak balioan jarri nahi izan du erlezainek egiten duten lana eta diru sariak handiagoak izango dira», 300, 200 eta 100 euro, hurrenez hurren.
Berritasunen artean, lehendabizikoz antolatuko dute aurten bigarren eskuko erlezaintzako materialen salmenta, «erosteko interesa askok agertu dute, baina saltzekoa ez horrenbestek». Haurrentzako ekitaldien artean, Erlearen bila orientazio jolasa ere izango da lehenengoz, 10:00etatik aurrera Anduetzan.
EGITARAUA
- 10:00etatik 14:00etara. Txistularien kalejira. Artisau azoka. Landareen erakusketa eta salmenta. Bigarren eskuko erlezaintzako materialen salmenta. Gipuzkoako gozogile onenen produktuen erakusketa kiroldegian.
- 10:00etatik aurrera eta goiz osoan zehar. Erlauntzako produktuak Mahala jogurtekin dastatzeko aukera.
- 10:00. Rafa Gorrotxategik eztiarekin egindako txokolatinak dastatzea eta ikastaroa.
- 10:00. Erlearen bila orientazio jolasa. Anduetza parketxean.
- 10:30. Gipuzkoako 23. Ezti Lehiaketa. Kiroldegian
- 12:30. Rafa Gorrotxategik eztiarekin egindako txokolatinak dastatzea eta ikastaroaren bigarren saioa.
- 13:00. Aitxuri Herri Eskolako ikasleei zuzendutako marrazki lehiaketako sari banaketa.
- 13:30. Gipuzkoako 23. Ezti lehiaketako sari banaketa.
- 13:45. Gozokien doaneko banaketa kiroldegian.
- 18:00. Bertso jaialdia Aitxuri Herri Eskolako gimnasioan. Antolatzailea: Kasino elkartea. Laguntzailea: Zegamako Udala. Bertsolariak: Amets Arzallus, Maialen Arzallus, Joanes Illarragi, Julio Soto eta Nerea Elustondo. Gai jartzailea: Ane Ezenarro.