AHTaren Nafarroa eta EAEren arteko lotunea Aralartik egitea ez dago baztertuta oraindik
Espainiako eta Nafarroako gobernuek Aralarren prospekzio eta azterketa geologikoak egitea adostu zuten joan den irailean. Milioi bat euroko aurrekontua du azterketa lan horrek.
Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiritar Agenda Ministerioa prospekzio eta azterketa geologikoak egiten ari da Aralarren, AHT Abiadura Handiko Trenaren Nafarroaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lotune egokiena zein den aztertzeko. Gipuzkoako egunkari batek joan den astean iragarri zuenez, Espainiako eta Nafarroako gobernuek joan den urteko irailean adostu zuten azterketa hori egitea, eta behin betiko erabakia aurtengo bigarren seihilekoan hartuko dute.
Txosten tekniko eta ekonomiko gehienek aukera bideragarriena Nafarroako AHTaren adarra Gasteizekin lotzea dela diote, baina oraindik ez dago erabat baztertuta lotura hori Ezkio-Itsasorekin egitea.
Orain arte ez da azterketa geologiko hori egin Aralarren, eta informazio horren arabera, milioi bat euroko kostua izango luke. Iturri horiek diotenez, 2.000 milioi euro kostatuko litzateke Aralar alderik alde zeharkatuko lukeen 22 kilometroko tunela egitea. Gasteizko aukerak 580 milioi euroko kostua izango luke, eta aukera nagusitzat hori jotzen dute. Lur-azalean egingo lukete trenbidearen zatirik handiena, baina ez luke konexio zuzenik izango Ezkio-Itsasorekin.