‘Basoa ondare’ jardunaldiak egingo dituzte martxoan Idiazabalen
Hilaren 16tik 25era hainbat jarduera egingo dituzte, ikus-entzunezko baten proiekzioa, mendi irteera bat, erakusketa bat, hitzaldi bat eta Zuhaitz Eguna tartean.
Idiazabalgo Udalak, Idiazabal Kirol Elkartearen Mendi Sailak eta Aita Iparragirre eskolak antolatuta, Basoa ondare izeneko jardunaldiak antolatu dituzte martxoan zehar Idiazabalen. Jardunaldien helburu nagusia «basoak gurean duen garrantzia aztertzea» izango da udaletik jakinarazi dutenez.
Landa inguruneak, eta ondorioz baita basogintza tradizionalak ere azken mendeetan izandako bilakaerak kezkatuta, «gizartearen beharrizan berriei nola erantzun» argitzea ere bada jardunaldi hauen helburua. Hala, ostegunean hasi eta martxoaren 22ra bitartean hainbat jarduera antolatu dituzte.
Basogintzan sakontzeko
Etzi, osteguna, zuhaitz motzei buruzko ikus-entzunezkoa aurkeztuko du Valentin Mugarzak, 19:00etan udaletxeko areto nagusian. Igandean, Mugarza gidari dela Etzegarateko mendian zehar ibilaldia izango da 09:00etan plazatik abiatuta.
Martxoaren 20tik 25era Joxe Bikuña ataundarraren Zuhaitz eta zuhaixken erabilera erakusketa ikusgai jarriko dute udaletxeko areto nagusian. Martxoaren 21an, Iñaki Aizpuruk eta Mikel Etxeberriak Udalak eta basogintza, zer egin? hitzaldia eskainiko dute 18:00etan udaletxean. Jardunaldiak borobiltzeko martxoaren 22an Zuhaitz Egunarekin amaituko dute.