Bi sute izan ziren atzo Idiazabalen
Haizeak ez du tregoarik eman Idiazabalen eta bi sute piztu ziren atzo, bat arratsaldean eta bestea gauean. Bietan suhiltzaileen lana ezinbestekoa izan da suak itzaltzeko.
Lehendabiziko sutea arratsaldean piztu zen Zelaundieta baserriaren inguruetan. Pinuak bota dituzte eta pinu hondarrak erretzen aritu ziren. «Baimena zuten horretarako», Iñaki Alberdi alkateak azpimarratu duenez. Sua zabaltzen hasi zen une batean eta suhiltzaileei deitu beharra izan zuten sua kontrolatzeko, «Ormaiztegi aldera zabalduko zen beldurrez izan ginen, baina azkenean sua eremua barruan mantentzea lortu zuten», adierazi du Alberdik.
Bigarren sutea Herrimendin gertatu zen eta 22:00etan berriz joan behar izan zuten suhiltzaileek Idiazabalera. Asteburuan otea erretzea aritu ziren eremu horretan, «ustez sua itzalita zegoen, baina atzoko haizeak berriz bizitu zuen». Suhiltzaileak goizaldeko ordu batak arte aritu dira sua itzaltzeko lanetan eta ordurako kontrolpean zegoela esan du alkateak. Bada ez bada ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko basozaina gau osoan egon da sua zaintzean, «8:30 aldera joan denean, dena kontrolpean zegoen» adierazi du Alberdik.