Hizpide taldeak lehen lana kaleratuko du etzi
Segurako Hizpide musika taldeak bere ibilbideko lehendabiziko diskoa kaleratuko du etzi Zaurgarri izenburupean. Diskoa zortzi abestiz osatuta dago, bi dagoeneko kaleratuta daude —Hitzaren balantza eta Lehen lerroan— baina gainontzeko seiak berriak dira. Aurkezpen kontzertua ostiralean egingo dute, Seguran bertan.
Hizpide lau kidek osatutako taldea da: Sahatsa Izagirre, baxuan; Manex Gibela, baterian; Aimar Barandiaran pianoan eta koruak egiten eta Iker Francisco gitarran. Taldeko ahotsa eta abestien sortzailea ere bada Francisco. Guztiak dira segurarrak, Barandiaran idiazabaldarra izan ezik. 2020ko irailetik gaur arte hainbat aldaketa izan dira taldean. «Galerna izenarekin hasi ginen Irati Arizkorretarekin», azaldu du Franciscok. Arizkorretak taldea utzi eta hirukote moduan jarraitu zuten, udan Barandiaran taldera batu zen arte. «2021 amaieran, Galerna izatetik Hizpide izatera pasa ginen, proiektu berri baten adierazle gisa», esan du taldekideak.
Zuzenekoetarako gogoz
Taldea genero gisa sailkatu behar izanez gero pop-rock estiloa aipatu du Franciscok, «abesti melodikoak egiten ditugu, letra sakonekoak, norbere burua bilatzearekin zerikusia dutenak». Diskoa 2022ko irailean grabatu zuten Beasaingo Pottoka estudioan Fredi Pelaezen gidaritzapean. Esperientzia «trinkoa eta polita» izan dela diote eta «asko ikasteko» balio izan diena. Lana disko fisikoan, zein musika plataforma guztietan egongo da eskuragarri.
Iazko urrian egin zuten azkeneko zuzenekoa eta «gogotsu» daude ostiralean Seguran kontzertua eskaintzeko. «Diskoko abesti guztiak joko ditugu, baita hurrengo diskorako prestatzen ari garen abestiren bat ere», aurreratu du Franciskok. Errepertorioa osatzeko ostiraleko kontzerturako espresuki aukeratutako «bertsio kopuru murriztu bat» ere eskainiko dute. Kontzertua Botikaxaharren izango da 20:00etan, Ganbara norbait dabil elkartearen eskutik. Sarrerak aurrez jarriko dituzte salgai 4 eurotan. Hurrengo kontzertua igandean eskainiko dute Bergaran, «Gorlako kantinan».
Bidea ez dela erraza izango badakite, baina ilusioz begiratzen diote etorkizunari, «errekonozimendua lortzea ez da erraza, gutxiago egiten dugun musika eginda, baina gogoz gaude», diote. Tobera musika eskolari «emandako babesa» eskertu nahi izan diete, amaitzeko.