Zumarragako alkatearen hitzak iraingarritzat jota, oposizioko zinegotziek osoko bilkuratik alde egin dute
Osoko bilkura egin dute gaur Zumarragan. Gai zerrendaren zortzigarren puntua ur zerbitzuaren ingurukoa zen. Mikel Serrrano alkateak zerbitzuari buruzko txosten bat egiteko eskatu dio Lucia Okariz idazkariari eta osoko bilkuran txostena gainontzeko zinegotziei banatu die. Ondoren, idazkariari txostena irakurtzeko eskatu dio. Txostenean idazkariak ur zerbitzua publikoa dela gogoratu du, besteak beste. Ondoren, alkateak hitza hartu du eta EH Bilduk, Elkarrekin Zumarragak eta Onura Publikoa plataformak uraren gaiaren inguruan egindako lana gogor kritikatu du. Josu Aztiria EH Bilduko bozeramaileak erantzuteko asmoa azaldu du, baina alkateak amaitzera zihoanean esan dituen hitzak oposizioa sutu dute eta EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarragako zinegotziek osoko bilkura utzi dute. “Capiol enpresari pleguak egitearen truke 30.000 euro ordaindu geniola esan zenuen eta 16.000 euro ordaindu genion. Ondoren, hori txikikeria dela esan zenuen. Zure lanean halakorik ez egitea espero dut”, esan dio alkateak Aztiriari. Honek bere bizitza pribatuan sartzea leporatu dio eta berak eta oposizioko gainontzeko zinegotziek aretoa utzi dute.
Alkateak hitz egiten jarraitu du. “Arlo publikoan halakoa bada, ez dut pentsatu ere egin nahi pribatuan nolakoa izango den. Gaur gertatu dena aurreikus zitekeen. Publikoa den gai baten inguruan iraindu nauten bakoitzean alde egin banu…”, amaitu du.