Zuhaitzei buruzko azterketa egin du Ordiziako Udalak
Kale, zuhaizti eta parkeetako zuhaitzak aztertu dituzte, haien egoera eta bilakaera ezagutzeko. Orokorrean, egoera "egokia" dela ondorioztatu dute, baina erabaki puntualak har ditzakete. Adibidez, Aita Urdanetako zedroak «eskalatik kanpo» daude.
Ordiziako Udalak herriko zuhaitzen azterketa sakona egin du, Kimubat Paisaia enpresaren bidez. Azken horiek, Udaleko Lorategi Zerbitzuko langileen laguntzarekin, Ordiziako kaleetan dauden zuhaitzen egoera eta kudeaketa aztertu dute, ondoren udalak egin beharreko lanak edo hartu beharreko erabakiak zehaztu ahal izateko. Orokorrean, zuhaitzen egoera “egokia” dela ondorioztatu dute, eta izatekotan, erabaki puntualak hartu beharko liratekeela, irisgarritasuna oztopatzen dutelako, ustelduta daudelako edo arriskua dutelako. Bilordi parkean, poligonora doan zubi parean, bost platano arrunt ale kendu dituzte erortzeko arriskua zutelako.
Ondorioen txostenaren arabera, kale berri gehienetan, zuhaitz espezie txikiak eta bertikalak daude, -lore-udaondoak, adibidez-. “Aukera ona dira zeharkako sekzioak tarte handirik ematen ez duen espazioetarako”. Espezie horretako batzuk beste batzuk baino indartsuago daudela ikusi dute, baina lurpearen egoerarengatik denez, “ezin da konpondu”. Beste kale batzuetan dauden gainerako espezieak, -gerezi-aranondoak, lizar-astigarra, arbustua…-, adaburu zabalagoa dutenak, “egokiak dira leku gehiago duten kaleetan”.
Bilakaerari begira
Bilordiko parkekoaz gain, Barrenako parkean bi platano arrunt kendu zituzten gurpildun aulkiek ezin zutelako pasa. Beste batzuetan onddoak atzeman dituzte, baina kontserba daitezke. Espazio libreetan, askotariko espezie motak daude, “zuzentzat” jo dutena “parkean zuhaitzek ez baitute garatzeko espazio-mugarik”. Altamirako parkean, 19 espezie ezberdin daude.
Hurrengo 10-20 urteetako bilakaera ikusiko dute, baina ondorioztatu dutenez, “kale gehienetan garapena gehiegizkoa” izango da. Zuhaitzen ezaugarriak, egoera eta kudeaketa ezagututa, espezie bakoitzaren bilakaerari erreparatuko dio udalak. Azterketan, baina, ez dute “ezer kritikorik aurkitu presaz aldatu behar denik”. Arreta beharko duen espezie bat Aita Urdanetako zedroak dira. “Eskalatik kanpo” daudela ikusi dute, baina ez dute “egoera txarraren sintomarik”. Halere, arriskua izan dezaketenez, eta “espezie horrek ez duenez inausterik onartzen”, kendu behar direla erabaki daiteke. “Eredu ezin hobea dugu pentsatzeko oso zuhurrak izan behar dugula koniferoak eremu mugatuetan landatu aurretik”.
Sor ditzaketen arazoak saihesteko, zuhaitzen ezaugarriak, egoera eta izan dezaketen garapena ezagututa, egoera okerragoan daudenen jarraipena egingo du udalak.