Ataun Irratiak 10 urte bete ditu gaur
Urteurrenarekin bat eginez, irratiaren ikur berria ere aurkeztu du bideo baten bitartez.
ATI Komunikazio Taldearen Ataun Irratiak gaurko egunez ekin zion bere ibilbideari 2013. urtean, Interneteko plataformetan, podcast formatuko edukiak eskainiz.
Ordutik gaur egun arte, bi oinarri nagusi izan ditu proiektuak: Musika eta entretenimendua. 2014tik gaur egun arte, 24 orduko emisioa mantentzen du irratiak, eta astelehenetik igandera bitarte, programazio zabala eskaintzen du bere eta Arrosa Irrati Sareko beste zenbait irratiren edukiei esker.
“Hamargarren urteurren hau eraldaketarako urte bat izateko asmotan, orain arteko ibilbidea egin duen ikurrari agur esan eta eraberritutako ikur berri bati ongi etorria eman dio” Ataun Irratiko lantaldeak Youtuben zabaldu duten bideo baten bitartez.
Ikur aldaketa ordea, ez da urteurren honek dakarren eraldaketa bakarra. Zeresana utziko duen urtea izango dela aurreratu du lantaldeak, “eraldaketa orokor bat ematea baita asmoa”.