Biziola dendako produktuak aplikazio baten bidez ere erosi ahalko dira
Apirilaren erdi alderako mugikorretan deskargatu ahalko da. Kooperatibaren komunikazio bide modura ere funtzionatuko du, eta eta eragileen informazio-profil bana edukiko du. Aiora IKT etxeak garatu du sistema digitala.
Biziola kooperatibako dendako produktu guztiak aurki sakelako telefonoko aplikazio baten bidez ere eskuratu ahalko dira. Gaur goizean aurkeztu dute Lazkaoko dendan Biziolapp aplikazioa, Aiora IKT etxeak Uhiin proiektu komunikatiboaren barruan diseinatu duena. Biziolaren tresna digital berriak komunikazio, antolaketa, promozio eta denda birtual modura funtzionatuko du.
Apirilaren erdi alderako egongo da erabilgarri, Android eta IOS sistema informatikoentzat egokituta. Apple eta Microsoft gailuetarako deskargatu ahalko da. Bazkideei jakinaraziko diete lehenbizi, jaits daitekeenean.
Hiru funtzio nagusi beteko ditu Biziolapp, Aiora IKT-ko Igor Egurenek azaldu duenez. Komunikazio tresna izango da, batetik, Biziolaren bezero, bazkide eta jarraitzaile guztientzat. Bi norabideetan informazioa trukatzeko balioko du.
Denda birtual digitala izango da. Hori ekarriko du berrikuntza nagusia, hain justu. Biziola dendako produktu guztien katalogoa egongo da (250 erreferentzia maneiatzen dituzte gaur egun), eta mugikorretik erosi ahalko da. Zerbitzu hori, aurki martxan jarriko duten herrikako banaketa sistemarekin lotuta joango da. Ataunen egingo dute banaketaren proba pilotua, datorren astean aurkeztuta.
Azkenik, Biziolako parte diren ekoizleei eta eragileei beren berri emateko atala izango du aplikazioak. Aukera guztiak hasieratik aktibatuko ez dituzten arren, zenbait atalen berri eman du Egurenek. Atal batean berriak eta albisteak irakurri eta ikusi ahalko dira, bai Biziolak jarritakoak, bai beste komunikabide batzuek ekoitzitakoak. Sare sozial modura funtzionatuko du, partekatzeko, iruzkintzeko edo atsegiteko aukerekin.
Bestetik, Biziolaren ekitaldiak eta agendak agertuko dira, egutegi formatuan. Ekitaldi bakoitzaren jakingarri gehigarriak eransteko modua ere eskainiko du. Azkenik, multimediaren atalean, Youtube kanaleko bideoak jartzeaz gain, ekitaldien zuzeneko streaming emanaldiak ere ikusi ahalko dira, emititzen den kalitate berdinean.
Denda birtuala
Dendaren atalean, produktuka edo kategoriaka bereiziko dituzte salgaiak. Bilatzailea ere badu aplikazioak, baita erosienen eta gustukoenen zerrendak ere. “Sistema erraza da erabiltzeko. Produktu bakoitzaren xehetasunen azalpen bat, prezioa eta izena agertuko dira. Saskira gehituko ditu bezeroak, nahi adinako kopurua markatuta”, azaldu du Igor Egurenek.
Ekoizleen zerrenda osoa ere eskuragarri egongo da. Bakoitzak bere profil propioa edukiko du, etxe bakoitzaren ekitaldi, agenda, eskaintza, argitalpen, argazki, informazio eta bezeroekin interaktuatzeko galdeketa-inkestekin.
Biziolako langile Ander Kerejetak azaldu duenez, Biziolapp aplikazioa izango dute aurrerantzean produktuak eskaintzeko eta saltzeko “lan ildo garrantzitsuenetako bat”. “Garai batean goldeak zeukan hainbta garrantzia dauka gaur egun aplikazio digital batek. Biziola gizartea iraultzeko jaio zen, eta aplikazio honek bide horretan lagunduko digu”.
Duela bi hilabete zabaldu zuten Lazkaoko denda, eta aurrerantean, asmoa Goierriko herri guztietara banaketa heltzea da. Ataunen, martxoaren 23an egingo dute hango sistemaren aurkezpena. Bezeroek aplikazioaren bidez erositako produktuak, hiru auzoetako bakoitzean jarriko dituzten jasotze-gune batera eramango dituzte, gero herritarrek handik har ditzaten.
Ekoizleen kasua, Oiharteren eskutik
Aurkezpenean izan da Zeraingo Oiharte sagardotegiko Haritz Eguren, ekoizleen izenean. Halako aplikazioen garrantzia nabarmendu du, edozein motatako salmenta, zerbitzu eskaintza edo bezeroekiko hartu-emana egiteko. “Gaur egun, gazteria erabat eremu horretara joan da, eta gure belaunaldikoak ere asko ibiltzen gara sare sozialetan eta aplikazioetan. Tresna hauek beharrezkoak dira munduarekin batera joateko, bestela alferrik dira ahalegin guztiak”.
Euren kasuan, Biziolapp-en edukiko duten gunean, sagardotegian antolatzen dituzten ekitaldiak, eskaintzak edo ateratzen dituzten produktuen berri eman ahalko dute. Bezeroekin ere, barne mailako komunikazioa egin dezakete, baita asebetetze inkestak edo iritziak bide pribatutik jaso ere.
Oiharten aspalditik dihardute sagardogintza duintzeko eta atzeko lana gizarteratzeko lanean. “Jendeak ez du erakusten sagardotegian zer dagoen badakienik. Bodega bat da, azken batean. Buruari buelta asko emanda lan egiten dugu. Hori jendeari heltzen kostatu egiten da. Bezeroaren kontzientziazioan eragin nahi dugu, sagardotegian ‘denak balio du’ ustea kentzeko. Horretarako, bisita gidatuak dira oso tresna garrantzitsuak, sagastiak, sagarraren zikloak, egiten den lana ikusten duelako jendeak”.