Bonberia kulturgune bihurtu nahi du udalak hurrengo legealdira begira
Kultur jarduera anitzen beharrei erantzuteko prestatutako espazio balioanitza izatea du helburu. Leire Artola alkatearen hitzetan proiektuak "haize berria" ekarriko dio Arana kaleari.
Bonberia kulturgunea proiektua aurkeztu du Beasaingo Udalak. Arana kalean dagoen eraikinean leku hartuko luke. Proiektu honek bi helburu nagusi bete nahi ditu: Batetik, kultur arloari lotutako dinamikaren barruan, erabilera anitzeko gune berria izatea, non musika, erakusketa, antzerki eta beste hainbat kultur jarduera garatu ahal izango diren.
Bestetik, eraikina birgaitzeaz gain, proiektu honekin Arana kalea herritarrei gerturatu nahi du Udalak, espazio hori, beasaindarrentzat topagune bilakatu dadin. Proiektuaren egikaritzea baina ez da berehalakoa izango, 2023-2027 legealdira atzeratuko litzateke, udalak berak zehaztu duenez. Proiektuaren aurrekontuari dagokionez, 626.000 eurokoa izango dela iragarri du udalak.
Aipatutako helburu hauei jarraiki, Leire Artola alkateak azaldu du «eraikina birgaitzeaz gain, egitasmoak herritarrak Arana kalera erakarri nahi» dituela, «beasaindarrontzat ibilbide eta topaleku bilakatu dadin». Alkatearen hitzetan, Arana kalea, «Beasainen nortasun handiko kalea baita aspaldidanik».
Balioanitza eta irekia
Egungo eraikina, 100 metro karratuko azalera libredun espazio bat da, eta gaur gaurkoz, Udalaren jabetzakoa da.
Hauexek dira udalaren iritziz, proiektuak barneratzen dituen bi proposamen azpimarragarriak: Etxebizitzetara ematen duen etxartera zabaldu eta bolumen gehigarri bat atxikitzen zaio eraikinari bertan sarrera nagusia eta biltegia txertatuz eta eraikinaren beste aldean, J.M. Iturrioz atzealdean, bulegoa eta komunak barneratuko lituzken espazio bat atxikitzen da.
Barneko bereizgarriez gain, eraikina inguruarekin integratzea da proiektuaren beste helburuetako bat. Eraikinaren fatxada nagusia kalera parez-pare zabaltzeko sistema ezarriko dute, hala, nahi den emanaldietan, eraikin barruan ez ezik, kultur ekitaldiak Arana kaletik bertatik jarraitu ahal izan daitezen, bertakoak ere gonbidatu nahian.