Galletak eta josteko makinak izango dira LurLab ekimeneko protagonistak
Bihar hasi eta larunbatera bitartean LurLab laborategi ibiltarian parte hartzeko aukera izango da Mutiloan. LurLab landa eremuko makerspace edo laborategi digital ireki bat da, edozeinek edozer egiteko aukera ematen duena. Food Hack Lab elkarteak martxan jarritako ekimena da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz laguntzen du.
Otsailean egin zituzten estreinekoz LurLab-en lehendabiziko saioak Mutiloan. Herritarrak gerturatzeko gune bat dela adierazi du Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak. Laborategiak era guztietako tresneria jartzen du herritarren eskura, bereziki fabrikazio digitaleko teknologiak. «3D inprimagailuak, laserraz moztu eta grabatzeko makina, CNC fresagailua eta josteko makina» aipatu ditu alkateak besteren artean.
Bada denbora bat esperientzia hau Ataunen martxan dagoela. Mutiloan, printzipioz lau hilabeteko proba egingo dute, hilean behingo maiztasunarekin, «oraingo hau bigarrena izango da eta aldiko hiru egunetan izango da laborategi ibiltaria Mutiloan». Errotatxon egingo dituzte saioak. Mutiloan eta Ataunen ez ezik, Itziarren eta Ereñozun ere martxan da proiektua.
Kanpotarrentzat ere bai
Biharko eta etziko saioetan galletak egiteko moldeak diseinatu eta egingo dituzte 3D inprimagailuan, 17:00etatik 19:00etara. Larunbatean, 10:00etatik 12:00etara, josteko makinaren oinarrizko erabilerak ikasteko aukera izango da. Saio guztiak teknikarien laguntzaz egiten dira, eta ikastaroetan proposatutakoa egiteaz gain, laborategiak aukera ematen du nahi duenak, bere kasa eta teknikarien laguntzarekin nahi duena egiteko. LurLab doakoa da, baina parte hartu ahal izateko beharrezkoa da info@lurlab.org web gunean aurrez izena ematea. Mutiloarrak ez ezik, kanpotarrak ere gerturatu daitezke bertara.
Ugaldek esan duenez, proba pilotua da, baina lehenengo saioak «arrakasta handia» izan du herritarren artean. Landa eremuko herritarrei aisialdirako eskaintza zabaltzea da LurLab-en helburuetako bat.