Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka Doinuele euskal sarean sartu da
Euskarazko diskoen eta liburuen sustapenean eta lanketan ari diren zortzi herrik bat egin dute. Bilbon aurkeztu du bere burua Doinuelek.
Doinuele euskarazko plazen sarea gaur goizean aurkeztu dute, Bilbon. Euskal Herrian barrena, euskara hutsezko liburuak eta diskoak ezagutarazten diharduten zortzi ekimenek bat egin dute, azokak, egitarau bereziak edo jardunaldiak antolatzen dituztenak.
Tartean da Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka. Doinuele sarean elkartu diren besteak Zarauzko Literaturia, Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, Hernaniko Liburu eta Disko Azoka, Sarako Ikusi Mikusi, Baztango (H)ilbeltza eta Azkoitiko Geure Gelatik ekimenak dira.
Euskara hutsezko plaza, azoka edo ekimen horiek bai literaturari eta bai musikari egiten dieten ekarpenaz gogoeta egiteko bilgunea izan nahi du Doinuelek. Idazleen Elkartearen, Editoreen Elkartearen eta Itzultzaileen Elkartearen babesa du.
Gehiagorentzat irekita
«Sarea josten» hasi nahi dute, momentuz bat egin duten zortzi eragileen artean. Indarrak batzeko eta aurtengo egutegia eta bakoitzaren ekimenak elkarrekin aurkezteko asmoa dute orain.
Hasieran zortzi herri edo ekimen elkartu badira ere, ateak irekita dauzkate sare horretan parte hartu nahi duten gainerako ekimenentzat. Gaurko prentsaurrekoan Doinueleren logotipoa ere aurkeztu dute.
Bere burua aurkezteaz gain, aurtengo ekitaldien egutegia ere plazaratu du Doinuelek. Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka abenduaren 15etik 17ra egingo dela iragarri du, Bilboko agerraldian, Joxepa Madariagak.
Helburu askoren artean, «euskara hutsezko publikoa, irakurlegoa, entzulegoa, haur, gazte eta heldu, indartzea» hartu dute. Euskaraz bizi direnen sarea sendotzea; azokak errentagarri, bizi, jendetsu eta anitzak bihurtzea; kultur sortzaile, idazle, musikari, ilustratzaile, itzultzaile, editore eta literatura aldizkariak sostengatzea; euskaldunak disko-liburuetara hurbiltzea dira Doinueleren beste ildo batzuk.
Agerraldiaren informazio gehiago, Argian.