Leizetaren balio ezkutua argitara, dokumentalean
Ataungo Leizeta haitzuloari buruzko dokumental laburra aurkeztuko dute gaur, Herri Antzokian. Balio natural eta espeleologikoa jaso dute. Atauniker, Naturzaindia eta Felix Ugarte elkarteak izango dira gaur.
Altxor natural ezkutuak aurkitzen eta erakusten jarraitzen dute, Ataunen. Azkena, Leizeta haitzuloaren inguruan ondu dute. Ez da oso ezaguna kobazulo hori, baina balio natural, faunistiko eta espeleologiko handia du. Atauniker kultur elkarteak Leizeta dokumental laburra egin du, Jon Fontenlak gidatuta eta On Produkzioetako Iban Toledoren ukitu artistikoarekin. Gaur 19:00etan aurkeztuko dute, Ataungo Herri Antzokian.
Koben kontserbazioari begira egindako zortzi minutuko iraupeneko ikus-entzunezkoa da Leizeta, Fontenlak argitu duenez. Ataunikerren babesean, Ataungo leize eta koben katalogoa berritzen ari da, batez ere Fontenla bera, beste laguntzaile ugarirekin. «Barrunbe oso bisitatuak direnetan (Troskaeta, Sastarri eta gehiago), egoera ez da oso txukuna: pintatuak hormetan, estalaktitak puskatuta, zikinkeria… Ikus-entzunezko hau da jendeari erakutsteko mantendu beharreko eremuak direla. Garrantzi berezia dauka dokumental honetan, adibidez, saguzaharrak. Espezie batzuen etxea da», azaldu du Jon Fontenlak.
Katalogoa bukatzen
Dokumentala osatu duten hiru elkarteen ordezkari modura, hiru neska dira protagonista filmean. Atauniker, Felix Ugarte espeleologia elkartea eta Naturzaindia elkarteak elkartu dira; «bakoitzak bere arloaz hitz egingo du, arlo banatan adituak diren neurrian». Ataunikerrek Ataun eta ingurua deskribatu ditu, Felix Ugartek espeleologia eta Naturzaindiak biologia.
Gaur, emanaldiaren ondoren, solasaldia egingo dute hiru elkarte horietako ordezkariek. Ordubeteko saioa izango da.
Leizeta ez da batere ezaguna, sartzeko konplikatua den heinean. «Barrutik ikusgarria da. Hiru sarrera dauzka, guztiak bertikalak. Grabaziorako ere erakargarria da, eta saguzaharrak aurkitzeko aukera handia dago. Arrazoi horiek eraman gaituzte zerbait egitera».
Leizeta ikuskari laburraren ondoren, koben katalogoa izango da hurrengo pausoa. «Bukatzen ari gara, eta beste zerbait argitaratzeko asmoarekin ari gara. Ikus-entzunezkoak ez du jarraipenik izango. Landarlan ingurumen taldea ere tartean dago, eta interesgarria ikusi dute Naturan hezten proiekturako, hezkuntzako sentsibilizazio tresna gisa».
Leizeta edo Antonen Kobea
Bi kobazulo elkarrekin komunikatutakoak dira, berez, Leizeta eta Antonen Kobea. Sarrera bat bertikala du, hiru-bat metroko jauziarekin. Zorua, laua, Leize gaiztoa deritzon zulo batean amaitzen da. Aurrean, eskorta gisa erabilitako luzapen bat dauka, XIX.ean, Etxeandiko Antonek erabilia.
Beste aldean, bost bat metroko bertikala da sarrera bat, eta sabaiko zulo bat bestea. Felix Ugarte Elkartekoek 2013an erregistratu zuten. 35 metroko desnibela eta 350eko luzera du.