Lore gehiago, eta perretxikoen zantzurik ez
Neguko azken feria izan da goizekoa, eta urtaro horri agur esateko, lore berriak iritsi dira. Porru ikusgarriak ere izan dira salgai.
Neguko azken asteazkena da gaurkoa, eta Ordiziako feriak lore koloretsuen artean esan dio agur urtaro horri, oso gertu dagoen udaberriak produktu berrien iritsiera ekarriko duelakoan. Saltzaileek agindu dutenez, laster iritsiko dira ilarrak, eta badirudi zizak ere gertu daudela, nahiz eta oraindik perretxiko estimatu horien zantzurik ez den ferian.
Bitartean, loreekin konformatu behar. Gaur ere, loreen atalak eman ditu feriako berritasun bakarrak, baina bitxikeria bat ere aipatu behar da. Itsasoko Eztala-goikoa baserriko Maria Jesus Oriak porru ikusgarriak jarri ditu salgai, tamaina handikoak. Hiru porru handienekin osatutako sortak, esaterako, 1,340 kilo egin ditu. Sorta hori 3 euroan saldu du.
Bestela, San Jose eguna iristear dela ere esan behar da, eta egun horren ospakizunetan ohikoa den mamia egiteko ardi esnea ferian salgai dago oraindik. Axun Etxeberriak du aukeran, 2,7 euroan litroa. Gabonak igaro eta berehala hasi zen ardi esnea saltzen zaldibiarra, ohi baino beranduago, eta agortu ere, ohi baino beranduago egingo zaio. Beraz, hain preziatua den jakin hori prestatu nahi duenak aukeran izango du oraindik aste batzutan.
Nartzisoak eta geranioak
Lehen esan bezala, loreek osatu dituzte feriako berritasun bakarrak. Aurreko astean lehen geranioak jarri zituen salgai Iñaki Azanzak, geranio arruntak edo zonalak hain zuzen. Gaurtik aurrera, huntza barietatekoak ere izango dira salgai, eta ez bakarrik Azanzarenean, Aramako Maria Dolores Mendizabal ere hasi delako geranioak saltzen, bi barietatetakoak gainera. Udaberriaren iritsierarekin lotzen den lore honen prezioa 2,80 eta 2,90 euro artean dago.
Udaberriko beste lore bat ere izan da albiste goizean, nartzisoa, baina moztua. Mutiloako Juanita Murgiondok jarri du salgai, betiko lore hori handikoa eta lore zuriago eta txikiagokoa. Sorta 4 euroan zegoen.
Perretxikorik gabe
Asteak dira Ordiziako ferian batere perretxikorik ez dela eskaintzen. Mikel Lasari galduta, «momentuz ezer ere ez» dagoela esan du, nahiz eta «zizak ba ote dauden entzun dut, baten batek aurtengo lehenak probatu dituela ere bai…». Feriara oraindik ez da ezer iritsi.
Feriara iritsi direnak ordainketa sistema berriak dira. Bada denbora bat erosketak bankuko txartelarekin ordaindu daitekeela posturen batean edo bestean, Orain, bizum bidez ordaintzeko aukera ematen dutenak ere badira. Bestalde, duela hilabete batzuk instalatu zuten Wifi konexioa, saltzaileek ticket-bai sistemarekin lan egin ahal izateko.
Bisitariak
Bisitarien atala ere aipagarria da, negua atzean geratzen ari den heinean, geroz eta talde gehiago iristen direlako Ordiziako azoka ezagutzeko asmoz. Gaur, Maizpide barnetegiko talde bat, Gasteizko Karmelitak ikastetxeko ikasle talde bat, Estatu Batuetako Idahoko Unibertsitateko talde txiki bat eta Iruñeko Yoar jubilatu elkarteko kideak ikusi ahal izan dira Plaza Nagusiko postuetan zehar.