N-1 errepideko pantaila akustikoak jartzeko lanak udan hasiko dira
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak eta Leire Artola Beasaingo alkateak N-1 errepidean egingo diren lanak aurkeztu dituzte: pantaila akustikoak ipiniko dituzte Beasaingo tunelaren irteeraren eta Lazkaoko lotuneko irteera adarraren artean, Gasteizko norantzan. Prentsaurrekoan bi ordezkariek errepikatu duten moduan, «aspalditik datorren proiektua da».
Izan ere, 2022. urteko otsailean, lan hauek burutuko zirela iragarri zuten. Aurkezpen horretan esan zutenez, «urte amaieran hasiko ziren lanak». Atzoko prentsaurrekoan argitu zutenez, «arrazoi desberdinak medio ez dira lanak burutu». Orain, zin egin dute «uda honetan bertan hasiko dira lanak».
1.160.380 euro
Obrak 1.160.380 euroan atera dira lizitaziora, eta 10 hilabeteko epea dute lanak amaitzeko. Egitura berriak 330 metroko luzera izango du guztira, eta 3,5 metroko altuera duten pantaila fonoxurgatzaileek osatuko dute.
Helburua da «herritarren bizi kalitatea hobetzea».