San Jose Zuhaiztiko joko txapelketa amaitu da
Martxoaren 1ean hasi zen txapelketa, eta atzo bukatu zen. Mus, tute, domino, txintxon, partxis, toka...hainbat jolas izan dituzte. Igandean, San Jose eguna ospatuko dute.
San Jose Zuhaizti zentroko joko txapelketa bukatu da. San Jose egunaren bueltan hainbat jarduera antolatu dituzte zentroan, eta txapelketa izan da horietako bat. Martxoaren 1ean hasi zen, eta atzo amaitu. Musean, Batiste eta Ataun izan dira irabazleak; tutean, Josepi eta Nicasio; seikoetan, Maria Muñoz; puntxon, Josefa eta Marino; eskoban, Manuel eta Ramon; dominon, Roberto eta Batiste; briskan, Marino eta Josefa; partxisean, Estibaliz; txintxonen, Alicia; tokan, Antonio Monje; botean zein igelean, Iñaki Aizpuru; eta xakean, Laura.
Hil hasieran ekin zieten ospakizunei San Jose eguna ospatzeko. Martxoaren 4an, dantzaldia izan zuten. Bihar, aldiz, 18:00etan, jaialdia izango dute. Bertsolariek eta Beasaingo Gurea eta Ordiziako Umore Ona abesbatzek parte hartuko dute. 17:30etik 19:30era, eskulanen erakusketa jarriko dute kafetegian.
Igandea izango da egun handia, San Jose eguna izango baita. 11:00etan hamaiketakoa eta eskulanen erakusketa izango dira, 12:00etan, euskal dantzak, eta 14:30ean bazkaria. Eguna amaitzeko, 18:30ean, dantzaldia izango da. Joko txapelketako sari banaketa ere egingo da.