Xabier Mendizabalen omenezko Arriaran mendi lasterketa larunbatean izango da
220 korrikalari inguru espero ditu antolakuntza taldeak. Goierri kopako laugarren lasterketa izango da.
Xabier Mendizabalen oroimenezko Arriarango mendi lasterketa lehiatuko da larunbatean. Aurtengoa, 10. edizioa izango da.
Bealak eta Intxaurpe elkarteak, probaren antolatzaileek, orain arteko ibilbideari eutsi diote. Hala, lasterketa motza eta luzea egingo dira. Motzak hamaika kilometro eta 550 metroko desnibel metatua izango ditu; luzeak, 23 kilometro eta 1.300 metroko desnibela. Irteera ordua, arratsaldean izango da. Proba luzeko korrikalariak 15:30ean abiatuko dira eta laburrekoak, 15:45ean.
Gainera, hiru urteren ondoren, haurren lasterketa berreskuratuko dute. Txikienak, helduen lasterketen artean izango dute irteera ordua, eta auzoan bertan egingo dute zirkuitua.
Izen emateak
Momentura arte, 180 korrikalari inguru baieztatu dute Arriarango irteera marran izango direla. Kopuru altuagoa da oraingoz lasterketa luzean, motzean baino. Antolakuntza taldeak espero du, 220 bat lasterkarik parte hartzea guztira.
Lasterkarien izen ematea rockthesport.com webgunean egin behar da, eta bihar da azken eguna.
Parte hartzaile guztien artean Goierriko Bi Haundiak eta Marimurumendi egiteko dortsal transferigarri bana zozkatuko dute.
Goierri kopako laugarren proba
Goierri trail kopako laugarren lasterketa izango da Arriaran auzoko plazatik abiatuko dena. Berrikuntza bezala, liderrek kamiseta propioa eramango dute aurrerantzean, ikusleek eta aurkariek azkarrago eta errazago identifikatu ditzaten.
Momentuz, kopako lau liderrak goierritarrak dira. Arriaranen izango direla baieztatu dute Maider Unanue eta Irati Zubizarretak, sprint eta trail modalitateetako liderrek. Gizonezkoen kasuan, parte hartuko duten ez dute baieztatu.