Goierri Rallyesprinta, inoizko handiena 64 kilometro eta 62 autorekin
Lehen ere euskal automobilismo egutegiko luzeena zen Goierri Rallyesprinta oraindik gehiago luzatu dute. Lau erlojupeko izango ditu, eta 64 kilometro guztira. Larunbatean jokatuko da, Lazkao, Zaldibia eta Gaintzan barrena, egun osoan.
Aldaketa ugari izango ditu VIII. Goierri Rallyesprintak aurten. Pandemiagatik urte batzuk makal joan ondoren, biziberrituta itzuliko da, larunbatean. Betiko helburu solidarioa mantendu dute, eta aurten lor daitekeen etekin ekonomikoa osorik Retina Gipuzkoa Begisare elkartearentzat bideratuko du Ikullu Racing talde antolatzaileak.
Rallyesprintaren luzera da berritasun bat. Orain arte zeuzkan erlojupeko 34 kilometroetatik eta hiru zatietatik, 64 kilometrora eta lau zatitara igaroko da. Ibilbidea ohikoa izango da: Lazkaoko hilerri paretik Gaintza barreneko bidegurutzera, Lazkaomendi eta Zaldibia zeharkatuta. “Distantzia horrek rallyesprinten artean bereizgarri bihurtzen du Goierri”, azaldu du Ikullu Racingeko Eneko Nazabalek.
Baina ibilbidea bi noranzkotan jarriko dute –hori ere berritasuna da–, iaz egin zen araudi aldaketa bat baliatuta. Egun guztia iraungo du Goierri Rallyesprintak, larunbatean (martxoak 18). Hala, goizean bi erlojupeko jokatuko dira, Gaintza-Lazkao noranzkoan biak, 10:00etan lehena eta 12:00etan bigarrena (araudiak ez du uzten noranzkoa txandatzen ibiltzen). Arratsaldean, Lazkao-Gaintza noranzkoan (orain arte ohikoa izan dena) jokatuko dira beste bi zati, 15:00etan eta 17:00etan hasita.
Lasterketaren iraupena eta hedadura oso zabalak direnez, 200 bat boluntarioren laguntza beharko dute antolatzaileek. Boluntarioei, babesleei eta udalei laguntza eskertu die Ikullu Racingek.
Partaidetza mardula: 62 auto
Ibilgailu eta talde askok eman dute izena, 62k, proba “erreferente” bihurtu den seinale, Euskal Automobismo Federazioaren lehendakari Angel Gurrutxagak eta Ikullu Racingeko Eneko Nazabalek esan dutenez. Auto ahaltsuak ekarriko dituzte, tartean Mundialeko Ford Fiesta Rally2 biziak. Gabirian martxoaren 5ean irabazi zuen autoa kasu honetan Gorka Apalantzak gidatuko du; bera da partaidetza aldetik “sorpresa” bat. Iban Altuna amezketarra ere Ford Fiesta Rally2 batekin aterako da. Faboritoen multzoan sartu dute Altuna, ibilbidearen ezagutza handia ere aldeko zaiolako.
Jokin Agirre-Arantzazu Araneta (BMW M3), Alberto Marcos-Maialen Guridi (BMW M3) eta Gurutz Agirretxe-Nerea Campos (BMW M1) ere aipatu ditu irabazteko hautagaitzat Gipuzkoako federazioaren lehendakari Iñigo Cuestak. “Klase guztietan kalitate izugarria egongo da. Alberto Marcos oso fuerte dator, Jokin Agirre iazko irabazlea ere zain egongo da, Iban Altunak oso ondo ezagutzen du ibilbidea, Gorka Apalantza sorpresa da, ezagutzen ez duen auto batekin…”. Goialdean borroka oso polita aurreikusi du Cuestak: “Oso irekia dago, eta karrera polita ikusiko dugula uste dut. Lazkaon muntatuko duten gunearekin, gainera, festa izango da, zentzu askotan”.
Izena emandakoen zerrenda 2023
Auto klasikoak, musika, taberna eta taloak
Lazkao bi egunetan bihurtuko da automobilismoaren festaleku. Karreraren bezperan, ostiralean, egiaztapen tekniko eta administratiboak plazan egingo dituzte, eta bertan lo egingo dute autoek. Horrez gain, auto klasikoen erakusketa jarriko dute.
Zuzeneko musika emanaldiak ere izango dira, ostiraletan eta larunbatean. Bihar (martxoak 17), Erdoyik-P eta Hell Riders taldeek joko dute; larunbatean, Metodo Ripley eta Nazarenos del Norte taldeek. Lazkaoko taldeak dira laurak. Taberna ere muntatuko du Ikullu Racingek, eta Lazkaoko Talogileek eskainiko dute jatekoa.
Helburu solidarioan, Retina Gipuzkoa Begisare elkarteak ere aktiboki parte hartuko du motorraren topagunean. Ostiralean postua jarriko dute Lazkaoko plazan, ikusmeneko gaixotasunei buruzko informazioa emanez. Ikusmen murriztuaren errealitate birtuala irudikatzen duten betaurrekoak ere probatu ahalko ditu jendeak, erretinako distrofia hereditarioaren ondorioak ezagutzeko. Larunbatean, rallyesprinteko zirkuiturako 13 sarreretan egongo dira elkarteko boluntarioak.
Lazkaomendiko Lartxai elkarteak zerbitzu berezia emango du, larunbatean. Pintxoak, ogitartekoak eta taberna zerbitzua jarriko dituzte.
Zaldibiako Udalak, bere aldetik, lasterketaren igarobideak herrigunean eragingo dituen zirkulazio aldaketen berri eman du. Ostiral iluntzetik ezingo da aparkatu Ibai-Ondo eta Ñañarri etxe bokleen aurreetan. Larunbatean, kalea itxita egongo da 09:00etatik 18:30era. Santa Fe kalean norantza aldatuko dute, eta eskolako aparkalekutik beherantz atera ahalko dira autoak. Lurraldebusen lineako autobusak Biloreko geralekuraino iritsiko dira.
Retina Gipuzkoa Begisare, ikusmen murriztuaren gaitzei aurre egiten
Atzoko aurkezpenean, Lazkaoko udaletxean izan zen Retina Gipuzkoa Begisare elkartearen lehendakariorde Ana Grijalba. Rallyesprintaren onuradun aukeratu izanagatik eskerrak eman ondoren, egoitza Donostian duen elkarteak egiten duen lana azaldu zuen. Erretinaren distrofia hereditarioak eraginda ikusmen murriztua daukatenen alde dihardu. “Distrofia hereditarioak gaixotasun degeneratiboak dira. Pixkanaka ikusmena galtzen dugu. Kasu gehienetan, itsu gelditu arte. Kasuen %99,9an ez dago sendabiderik”, azaldu du Grijalbak.
Gaixotasun distrofikoak ugari direla argitu du. Erretinosi pigmentarioa da arruntena, eta gizartean ezagunena. “Nerabezaroan hasi ohi zaigu ikusmen eremua txikitzen, eta hodi txiki batetik begiratuko bagenu bezala ikusten dugu. Inguruko eremua ez dugu ikusten. Diagnostikatutakoan, shock egoeran gelditzen gara. Gure lana, gaixotasuna dutenei autonomia mantentzen laguntzea da. Azkenekoa etxean geratzea izan dadila”. Erretinosi pigmentarioaren efektuak irudikatzen dituzten betaurreko birtualak probatzeko aukera jarriko dute, Lazkaoko stand-ean.
Hiru helburu ditu hartuta Retina Gipuzkoa Begisare elkarteak. Gaixotasuna dutenei laguntzeaz gain, gizarte sentsibilizazioa da langai bat. “Ikusmen murriztua dugunok gizartean arazoak izan ohi ditugu: bizilaguna ez dugu agurtzen –ikusten ez dugulako–, edo autobuseko txartel makina ez dugu aurkitzen, edo horrelako hamaika egoera”. Daukaten arazoaz jendea ohartarazteko, 2013an bereizgarri bat diseinatu zuten, paparrean erakutsiz, “gurekin zer edo zer gertatu daitekeela adierazteko”.
Azkenik, ikerkuntzan daukate hirugarren ahalegina ipinita. BioDonostia zentroarekin ikerketa-proiektu bat garatzen ari dira, eta dirua behar dute aurrera jarraitzeko. “Dagoeneko 255.000 euro inbertitu ditugu. Eta emaitza itxaropentsuak eman ditu ikerketak. Saguekin esperimentuak egin dituzte jada, eta ikusmen murriztuaren gaixotasuna gelditzea lortu dute. Ikerketa, ikertzaileak eta dirua behar dira aurrera jarraitzeko”, azaldu du Grijalbak.