Aitor Estebanek Legorretako tren geltokia bisitatu du, tren geltoki berriaren proiektuaren harira
Madrilgo Kongresuan EAJren diputatua eta bozeramaileak adierazi du ezin dituztela epeak zehaztu, baina "urte batzuk barru errealitatea" izango dela eta "lehenengo pausua emanda" dagoela. Aitziber Meabe zinegotziak azaldu duenez, "markesina bana jarriko da trenbidearen alde bakoitzean", eskola atzeko aldean.
Aitor Esteban Madrilgo Kongresuan EAJren diputatua eta bozeramailea denak Legorretako tren geltokia bisitatu du gaur eguerdian, herrigunean tren geltoki berri bat kokatzeko proiektuaren harira. Aitziber Meabe Legorretako EAJren zinegotzia, gainerako taldekideak, eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako ordezkaria ere izan dira bertan. Asteartean Adif-ek iragarri zuen tren geltoki berriaren proiektua aurrera doala eta 387.000 euro baino gehiagoko aurrekontuarekin eta 15 hilabeteko epean, Eyser Ingenieria eta Opta Arquitectos enpresei esleitu zaiela oinarrizko eta eraikuntza proiektua idazteko lana.
Legorretako EAJk bultzatu du tren geltokia herrigunetik gertuago jartzeko proiektua. Aitziber Meabe zinegotziak azaldu duenez, 2008tik daramate horrekin lanean. Proiektua idatzi arte xehetasunak ez dituzte zehaztuko. Oraingoz zehaztu duten bakarra da tren geltoki berria eskola atzeko trenbide zatian kokatuko dutela, eta ez dela eraikinik egongo: “Markesina bana jarriko da trenbidearen alde bakoitzean”.
2008an “proiektu gabe” geratuko zirela pentsatu zutela gehitu du Aitor Estebanek: “Ez zegoen gogorik ez dirurik Madrilen hau aldatzeko. Jo eta ke ibili gara”. Haren esanetan, 2021eko aurrekontuan proiektua “zorionez sartzea lortu” zuten, eta harrezkero martxan dago. “Ministeritzak adierazi du estudioa egingo dela eta gauzak prest egongo lirateke hurrengo fase batean obrak hasteko”. Oinarrizko proiektua idatzi ondoren, zehaztapenak eginda, obrak egiteko proiektua bideratuko dute. “Proiektua erredaktatu gabe ezin da bigarren pausua eman. Lehenengo pausua emanda dago egi bihurtu dadin tren geltokia herri ondoan jartzea”.
Epeei dagokienez, Estebanek azaldu du ezin dituztela zehaztu, “ez dagoelako soilik” haien “esku”, baina “urte batzuk barru errealitatea” izango dela. “Epeak murriztu dira eta hori ona da, baina beste gobernu bat egongo da, beste pertsona batzuk. Nik ziurtatu dezakedana da EAJ tematzen egongo dela egia bihurtzeko”.