«Idazle izan nintekeela ikusarazi dit Igartza bekak»
‘Arrain hezur bat eztarrian’ liburua argitaratu du Olatz Mitxelena Larreta oiartzuarrak 24. Igartza literatur-sorkuntza bekarekin. Ederki deskribatu du lanaren mamia eta idazte prozesua bera.
Lehiaketara proiektua aurkeztu zenuenean Arrakalak zuen izenburua. Zein zen hasierako ideia?
Orduan nioen, gure baitan, gogo eta gorputzetan eta gure arteko harremanetan sortzen diren arrakalez hitz egin nahi nuela ipuinetan; hauskortasuna, ezintasuna, hutsunea, gabezia… ziren buruan nituen ideiak, eta horiek dira, ipuinetan, modu batean edo bestean agertu direnak.
Baina aldatu egin duzu izenburua.
Nahiz eta desberdinak diren ipuin guztiak, hamar dira guztira, idatzi ahala ikusi dut, badela errepikatzen den elementu edo sentsazio bat; isiltasuna, komunikazio falta, esan ezina… Eta hortik dator izenburua. Izenburu bat bilatu behar eta eta horretan pentsatu nuen; arrain hezur bat da, eztarrian geratzen zaigun hitz bat, ez aurrera ez atzera, esaten ausartzen ez garena, edo ezkutatu nahi duguna, min ematen diguna beharbada.
Zerbait kontzientea izan da?
Ez, ez! Ez zen hasierako asmoa, baina ikusi dut idatzi ahala errepikatzen zen zerbait bazela, eta hori da arrazoia.
Gaiei dagokienez, zer konta dezakezu?
Desberdinak dira ipuinak. Gaien artean agertzen dira mundu propioak, norbanakoak sortzen ditugun mundu partikularrak, agertzen da mina forma ezberdinetan. Ipuinen batean munduaren logika aldatzen da bat-batean, eta horren aurrean zer, egoera hori, deserosotasun hori lantzen da. Bada tartean zahartzaroari buruzko kontakizun bat ere, neurri batean kritikatxo bat gehitzen duena zaintzari lotuta. Errealitatearen pertzepzioaz hitz egiten du beste ipuin batek, eta nola lausotzen zaigun edo nola lausotzen dugun errealitate hori. Hizkuntza bera ere bihurtzen da gai, diglosi egoerak sortu diezazkiguken zauriak sortzen dizkigunak. Alde egin beharra… Gai desberdinak, esan bezala.
«Interesatzen zait azpimarratzea errealitatea gogorra ere badela»
«Saiatu naiz hitzekin esandakoaz gain, hizkuntza guztiarekin kontatzen»
Fantastikoak ala errealistak?
Bietatik daude. Interesatzen zait, alde batetik, literaturaren jolasa, hizkuntzarena, mundu honetaz bestelako logika batzuk ateratzea, eta mundu honetatik pixka bat ateratzea. Eta interesatzen zait, era berean, pertsonaien psikologiaren ñabarduretan sartzea eta eguneroko bizitzari begiratzea ere.
Forma aldetik?
Baten batean saiatu naiz ahots desberdinak agertzen eta ikuspegi desberdinetatik egiten kontakizuna. Gehienak biziak eta laburrak dira, baina bada erritmo pausatuagoa duen besteren bat. Beraz, ezberdinak 10 ipuinak.
Zer sortu dizu lan hau egiteak?
Irakaspena izan da liburu hau egitea. Bide horretan, ariketak edo erronkak jarri dizkiot nire buruari, neurri batean, estilo ariketak ere bai.
Alde batetik saiatu naiz hitzekin esandakoaz gain, hizkuntza guztiarekin kontatzen, alegia, hitzek kontatzen dutenarekin batera, moldatzen esaldien erritmoa, puntuazioa… giro eta tonu bat bilatzen. Batzuetan, ipuinak berak hala eskatzen zuelako, hizkuntza da zikinagoa, lokaztuagoa… eta esaldiak doaz arrapaladan, elkar zanpatuz ia, eta giro hori sortuko duten hainbat hitz errepikatuko dira. Hizkuntza osoarekin esateaz gainera, kontzientea izan da, era berean, gorputz guztiarekin idaztekoa. Sentimenduekin batera, agertzen dira, usainak, gustuak, gorputzaren minak, eta horiek ateratzen dira. Kontzientea izan da bilaketa hori, eta badute neurri batean, iluntasun, zikintasun, deserosotasun puntu bat ipuinek, baina beste alde batetik ere, egia da, atera ere egin zaidala hori, eta momentu batzuetan nire buruari ere esan diodala ‘jo! berriro ari naiz zauri beraren gainean, bueltaka’. Eta umorea ere badu. Nik behintzat, ongi pasatu dut idazten eta barre egin dut.
Zaurian behatza sartzekoa zara?
Interesatzen zait azpimarratzea errealitatea gogorra ere badela, mina ere badagoela esatea. Eta ez da hori bakarrik agertzen liburu honetan, baina begirada hori eduki dut, ez beharbada, nik inguruan daudenek baino min handiagoak ditudalako, baina beharbada bai, horri begiratzeko interesa edo gogoa nuelako. Eta pentsatzen aritu naiz, literaturan, artean orokorrean, begirada hori duten eta deserosotasun hori transmititzen duten obrak. Ikasketa prozesu horretan, orain dela gutxi irakurri diot Ursula K. Le Guin-i, beste arteetan ez bezala, pinturan, musikan, dantzan… imitazioz ikastea, literaturan deserosoago egiten dela, plagio kontuengatik eta. Eta Anariri ere entzun nion, abestiak sortzeko teknika bera, imitazioa izan daitekeela; abesti baten akordeak hartu, jotzen hasi eta beste melodia batekin baduzu zure abestia.
Horri bueltaka, ni ere ipuin hauetan imitazioz aritu naizelako. Azpimarragarriena, Ahotsak sartu ziren ipuina da, Julio Kortazarren Casa tomada eta Uxue Alberdiren Dena ez dago gure esku ipuinak ditu oinarrian, eta hainbat elementu kopiatuta daude, baina gero beste gai batera eraman dut. Hor ere atera dut komunikazio falta, bikote harremanak… Batzuetan, saiatu naiz, beste idazle batzuen tonuetara hurbiltzen.
«Interesatzen zait azpimarratzea errealitatea gogorra ere badela, mina ere badagoela esatea»
«Idazterakoan intuizioz aritu naiz; esaldi bat jarri eta horri tira eginez»
Idazketa prozesua, nolakoa izan da?
Orokorrean esango nuke, intuizioz aritu naizela; esaldi bat jarri eta horri tira. Eta identifikatuta sentitu nintzen idazle bati entzun niolako berak sortzen zuelako, haurren jolaserako piezen moduan. Aurretik kalkulatu eta pentsatu gabe nora iritsiko den, eraikitzen joan, etengabe erabakiak hartzen. Niretzat, idaztea izan da erabakiak hartzea. Beste kontu bat ere aipatu nahiko nuke ikasteko bide honetan, idaztea izan delako, pentsamendua zabaltzeko bide bat ere. Pertsonaien bidez eta fikzioaren bidez, iritsi naiz bestela iritsiko ez nintzatekeen lekuetara eta pentsamendu berrietara eraman naute. Plazer handi bat izan da.
Bukatzeko zerbait gehitu nahiko zenuke?
Eskerrak eman bene-benetan Igartza beka antolatzen duten CAF enpresari, Beasaingo Udalari eta Elkar argitaletxeari. Niretzako sekulako bultzada izan delako beka hau, eta idazle izan nintekeela ikusarazi didalako.
Orain arte, tarteka, zerbait idatzi izan dut, baina ez nuen serio ikusten aukera hori; idazlea izatea, beti urrutiko zerbait bezala imajinatzen nuen, eta Igartzak zerbait eman baldin badit da, nire buruari baimentzea orri zuri bat hartu boligrafo bat hartu eta orduak pasatzea, eserita, horri begira, eta bestela, uste dut, ez nukeela egingo, ez boligrafoa edo denbora falta nuelako, sentitu dut autoritatea zela falta nuena.
Orain arte egin ditudan irakurketa feministei ere oso eskertuta nago, nire buruari, ulertzeko gako batzuk eman dizkidatelako kontu horretan ere. Aldi berean, sentitu ditut, poza eta amorrua puntu batean. Poza, plazer handi bat deskubritu dudalako, eta amorrua, plazer hori galdu dudalako, eta ikusten dudalako, emakume asko egongo direla, beren buruari, musikari, artista, idazle, izateko baimenik eman ezin. Beraz, animatu nahi nituzke denak aritzera.
Eta eskerrak ere etxekoei, eta hau posible egin duzuen guztiei