Mugiment kirol txartelarekin bat egin du Idiazabalek
Herriko gimnasioa, igerilekua eta rokodromoaz gain, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat herritako kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea ematen du.
Datorren astelehenetik aurrera Idiazabalgo herritarrek Mugiment kirol txartela eskatu ahal izango dute udaletxean. Txartel horrekin, herriko gimnasioa, igerilekua eta rokodromoa erabili ahal izateaz gain, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat udalerritako kiroldegiak, frontoiak eta igerilekuak ere erabiltzeko eskubidea izango dute. Izan ere, kirola sustatzea eta herritarrei zuzendutako kirol eskaintza handitzea du helburu Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimenak. Gaur egun EAEko 151 kirol instalaziotan erabil daiteke Mugiment txartela.
Idiazabalen gimnasioa, igerilekua eta rokodromoa urte osoan erabiltzeko eskubidea emango du Mugiment txartelak. Horretarako, hala nahi duenak, hiru zerbitzuak batzen dituen abonamendu berria ordaindu beharko du. Dena den, dagoeneko urte osoko gimnasioaren abonua ordainduta duenak aldea baino ez du ordaindu beharko Mugiment txartela eskuratzeko.
Eskaera egiteko bete beharreko dokumentua dagoeneko eskuratu daiteke hemen.
Mugiment txartela txartel birtual bat da, eta app baten bidez, aukera ematen die Mugiment KTX sarean sartuta dauden udalerrietako kirol instalazioetan abonatutako pertsonei gainerako udalerrietako instalazioak erabili ahal izateko.
Mugiment kirol txartelari buruzko Informazio gehiago, hemen.