'Toto' antzezlana, gaur, Herri Antzokian
20:30ean izango da. Hika Teatro ekoiztetxearen esanetan, "txakur guztientzat egokia den bikote komedia" da. Sarrerak online edo Herri Antzokiko leihatilan erosi daitezke.
Ordiziako eta Beasaingo udalek antolatutako Antzerki Garaia zikloaren barruan, gaur, Toto antzezlana eskainiko dute Ordiziako Herri Antzokian, 20:30ean, euskaraz. Mafalda Bellidoren Chucho antzezlanaren adaptazio bat da. Kepa Errastik egin du egokitzapena. Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean, Miren Gojenola eta Asier Hernandez antzezleak izango dira taula gainean, Hika Teatroa ekoiztetxearen eskutik.
70 minutuko iraupena du obrak. Hika Teatroren esanetan, “txakur guztientzat egokia den bikote komedia” da. Mai eta Joselu protagonistak banandu egin dira. Trapu zaharrak leporatuko dizkiote elkarri. Baina badute zerbait amankomunean. Toto txakurraren kustodia partekatzen dute. Joselurekin zegoela, Toto galdu egin da, eta Maik ezin du bizitza imajinatu bera gabe. Biek maite dute txakurra, baina ez modu berean edo intentsitate berarekin. Trajedia moduan bizi ohi diren eztabaidak umoretik jorratu eta leundu egingo dituzte.
Urtarrilean estreinatu zuten lana, Lezon, eta bihar Ordizian izango da ikusgai. Sarrerak Barrenan eskuratu daitezke, edo bihar bertan, Herri Antzokiko leihatilan, 12 euroan. Kutxabank bidez ere eros daitezke.